Aitziber Zapiain. Arrosa irrati sareko koordinatzailea

«Arrosa ezinbestekoa da irrati txikientzat»

Arrosa sareko 22 irratietatik 7-8k eskaera egin dute legeztatzeko, Espainiako Gobernuaren legedi berria baliatuta. Zapiainek kezka azaldu du baliabide gutxien duten irratiek ezin izan dutelako eskaera egin.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
urtzi urkizu
Andoain
2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Hamazazpi urte dira Aitziber Zapiain (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1987) Antxeta irratian lanean hasi zela. Urrian izendatu zuten Arrosa sareko koordinatzaile, Iraitz Gesalagaren lekukoa hartuz.

Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berriak irrati libreak legeztatzeko zabaltzen duen atea dela eta, zer diagnostiko egiten duzue Arrosa sarean?

Udazkenean batzarra egin genuen, Zarautzen [Gipuzkoa], eta gaiaz aritu ginen. Irrati gutxi aurkeztu gara legeztatzeko prozesura, baliabide aldetik zenbait dokumentu eskatzen zirelako —sareko 22 irratietatik zazpi-zortzi aurkeztu dira—. Irrati gehienak modu prekarioan ari dira, batzuentzat zaila zen frogatzea azken bost urteetan emititzen aritu izana. Legearena, berez, berri ona da, pirata moduan dabiltzan irrati batzuei legeztatzeko aukera ematea. Baina pena da adierazpen askatasuna legezkotasunarekin parekatu behar izatea: edonork izan behar du hitza hartzeko aukera.

Hego Euskal Herriko hainbat irrati librek egin dute eskaera. Baina argi dago horiek legeztatu ahalko direla?

Itxaron egin beharko da. Behin aurkeztu eta gero, zalantza da zer gehiago eskatuko zaien irratiei. Espainiako Gobernuak atera zuen deialdia, baina kudeaketa gero autonomia erkidegoena da. Espero dugu Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin hartu-eman onean aritzea; haiek badakite Euskal Herrian noiztik eta nola lan egiten duten irrati libreek, eta egiten duten mesedea auzoetan, herrietan eta hirietan. Entzuleak ere jabetzen dira gertutasun horretaz.

Zer gertatuko da dokumentuak aurkeztu ez dituzten irratiekin?

Horrekin kezka dugu. Aurkeztu ez direnak gehiengoa dira Arrosan, eta lan txukuna egiten dute tokian-tokian. Baliabide gehien dituztenek izan dute eskaera aurkezteko aukera.

Iparraldean bestelakoa da egoera.

Bai, Iparraldean, behin zirkuituan sartuta, egonkortasuna lortzen du proiektuak. Baina zailtasunak daude. Adibidez, Antxetak Hendaian [Lapurdi] daukan emititzeko frekuentzia oso-oso txikia da, eta paperetan Gure Irratiaren ahizpa txikia gara. Antxetak kostata lortu zuen legeztatzea.

Iparraldeko Euskal Irratiek emisio digitalak egin beharko dituzte Frantziako lege berriarekin. Noizko?

Azkenekoan esan ziguten 2022ko abenduan, baina ez da ezer etorri. Orain esan digute 2023ko irailean iritsiko dela. Gehiegi atzeratzen ari da. Hegoaldean oraindik ez da aipatu ere egiten aldaketa hori.

Iraitz Gesalaga aritu da Arrosa sareko koordinatzaile aurreko urteetan. Nola hartu duzu ardura berria?

Ondo. Arrosa ezinbestekoa da irrati txikientzat. Euskal Herrian Arrosa sarea existitzea ez da kasualitatea. Behar batekin sortu zen, eta behar horri erantzuten saiatzen gara: programazioa elkarrekin osatzea. Arrosako irrati bat piztu eta dagoen aberastasunaz jabetzen zara; Antxetan, adibidez, goizean entzun ditzakezu albisteak zuberotarrez, eta gauean Bilbo Hiriaren Piperpolis kultur magazina. Euskalkien uztarketa hori ederra da. Euskararen aniztasuna ere erakusten du Arrosak.

Zer erronka eta asmo nagusi dituzue aurten?

Zebrabidea magazinari [Arrosak ekoizten duen arratsaldeko saioa] bultzada eman nahi diogu. Horrez gain, topaketei berriro helduko diegu, fundamentuz. Martxoaren hasieran egingo ditugu topaketak, Errenterian [Gipuzkoa], Zintzilik irratikoekin. Frekuentzien gaiak ematen duenari adi egon beharko dugu, halaber. Nahiz eta irrati batzuek ez duten legeztatzeko eskaera egin, ez dut uste itxierarik egongo denik.

Zer beste planteamendu duzu buruan Arrosako irratientzat?

Buruan dut irratiak giltza edo laguntzaile izan gaitezkeela migrazio mugimenduen eta euskalgintzaren arteko zubi lanean. Garikoitz Goikoetxeak BERRIAn idatzi zuen Migrazioak eta euskara artikulua primerakoa iruditu zitzaidan: hori da bidea, ez dago besterik. Antxeta irratian formakuntza egin dugu Luciana Alfarorekin pertsona zurien deskolonizazioaz, eta nola lan egin irratian hori aintzat hartuta. Alfarok dio guk dauzkagun pribilegioak erabili behar ditugula pertsona arrazializatuen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.