Arraunari buruzko lan bat estreinatuko du gaur Movistar Plusek

Nerea Perez (Donostiarra), Miren Garmendia (Hondarribia), Izaro Lestayo (Tolosaldea), Nadeth Agirre (Orio) eta Andrea Astudillo (Arraun Lagunak) patroiak dira 'Traineras. Pasión por el remo' dokumentaleko protagonistak.

Nerea Perez, Donostiarrako patroia, 'Traineras. Pasión por el remo' dokumentalean. MOVISTAR
Nerea Perez, Donostiarrako patroia, 'Traineras. Pasión por el remo' dokumentalean. MOVISTAR
urtzi urkizu
2024ko urriaren 29a
05:00
Entzun

«Emakumezkoen arrauna gorantz doan une batean, bost patroiren istorioak kontatu ahal izan ditugu. Izan ere, paradigma aldaketa bat dago emakumezkoen arraunean». Hala dio Telmo Iragorri zinemagile donostiarrak, Traineras. Pasión por el remo (Traineruak. Arrauna pasio) dokumentalaren zuzendariak. Lan hori Donostiako Principe eta Errenteriako (Gipuzkoa) Niessen aretoetan eman zuten hiru astez, eta gaur Movistar Plus plataformara iritsiko da. RTVEk eta EITBk ere parte hartu dute egitasmoan, eta hemendik hilabete batzuetara emango dute TVEn eta ETBn. Euskarara bikoizteko asmoa ere badute, ETBn emateko.

Euskotren Ligaren 2023. urteko denboraldia ageri da pantailan. Iragorrik batez ere bost patroiren istorioa kontatu du: Nerea Perez (Donostiarra), Miren Garmendia (Hondarribia), Izaro Lestayo (Tolosaldea), Nadeth Agirre (Orio) eta Andrea Astudillo (Arraun Lagunak). Haietako batzuek azken denboraldia dute, gainera. «Patroiak taldearekin eta entrenatzaileekin nola erlazionatzen diren jasotzen da dokumentalean. Haien egunerokotasuna ere ikusten da», azaldu du Iragorrik. Baina lehian hasi aurretik, «negu luzeko entrenamenduak» nolakoak diren ere kontatzen dute. Patroiekin grabaketak «oso ondo» joan zirela nabarmendu du zuzendariak. «Enpatizatu egiten duzu haien istorioekin, urte osoan gertatzen zaienarekin. Patroiak hasieran zalantzan zebiltzan ea zer gertatuko zen grabaketekin. Baina egitasmo hau denentzat izan da deskubrimendu bat».

Traineras. Pasión por el remo dokumentala. Telmo Iragorri da zuzendaria
Izaro Lestayo, Traineras. Pasión por el remo dokumentalaren irudi batean. MOVISTAR PLUS

Reafilma eta EnBabia Films ekoiztetxeek egin dute dokumentala. Javier Mendoza eta Isabel Delclaux dira ekoizleak. Ainara Fernandez aritu da gidoian, Iragorrirekin batera. «Arrauna maite dutenek islatuta ikusiko dute beren burua. Eta kirol hau ezagutzen ez dutenek neurrigabeko pasio bat ikusiko dute, eta maiteminduta geldituko dira», adierazi du Fernandezek.

Droneak eta ETBren irudiak

Gaurtik aurrera Euskal Herritik kanpo ere ikusi ahalko da filma. «Arrauna munduko edozein tokitara eramatea da nire asmoa. Testuingurua ematen dugu horregatik: zer den traineru bat, zer den patroi bat...», dio Iragorrik. Zuzendariak aitortu du gauza asko ikasi dituela arraunaz, eta horiek pantailara eramaten saiatu dela.

Irudietan uztartu egin dituzte dokumentalaren lantaldeak egindako grabaketak eta ETBren irudiak. «Gure droneak ere erabili ditugu une batzuetan. Baina ETBk traineruetan sartzen dituen kamerek eta traineruen albotik grabatzen dutena sekulakoa da». Zuzendariak, era berean, Kontxako Banderaren «ikusgarritasuna» nabarmendu du. Klimaxa da Kontxako Bandera, eta 2023koan oso estu ibili ziren taldeak: lau segundoren tartearekin iritsi ziren bigarren igandera lehen lau traineruak.

Traineras. Pasión por el remo dokumentala. Telmo Iragorri da zuzendaria
Telmo Iragorriren Traineras. Pasión por el remo dokumentala. MOVISTAR PLUS

Dokumentala egiteko lantaldean Venezuelako eta Espainiako hainbat profesionalek parte hartu dute. Horiek ere arraunarekin kateatuta gelditu direla azaldu du Iragorrik. «Estropadek kateatu egiten dute».

Bestalde, dokumentalaren hizkuntza nagusia gaztelania da. Narratzaileak gaztelaniaz egiten du beti. Platoan grabatutako elkarrizketei dagokienez, denek gaztelaniaz egiten dute, bik izan ezik: Ibon Gaztañazpi arraunlari ohi eta kazetariak euskaraz egiten du, baita 2023an Orioko patroi zen Nadeth Agirrek ere. Traineruen entrenatzaile guztiak gizonezkoak dira, eta gaztelania baino ez da entzuten haien ahotan. Hala ere, badira sekuentzia batzuk, non patroiak jende gehiagorekin hizketan agertzen diren, eta horietan euskara eta gaztelania tartekatzen den. Deigarria da elkarrizketatuen artean Martin Berasategi sukaldaria agertzea, gaztelaniaz hori ere.

Movistar Plusek dokumentalaren estreinaldi berezi bat egin zuen atzo gauean, Madrilen. Han izan ziren Iragorri zuzendaria, ekoizleak eta bost patroi protagonistak.

Gaztañazpik argi uzten du egiten dioten elkarrizketan: «Arrauna ez da kirol soil bat. Ez da kirol bat bakarrik». Itsasoaren kultura ere bada.

'Traineras. Pasión por el remo' dokumentalaren trailerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.