EUSKARAZKO TELESAILEK 30 URTE (III): 'GOENKALE', 21 URTEZ

Arraldeko sasien emariak

Folletoi kostunbrista bat sortu zuten 'Goenkale'-rekin, egunerokoa, eta hizkuntza bizikoa. Fenomeno bilakatu zen: 100.000 ikus-entzule baino gehiago zituen lehen urteetan.

Goenkale telesaileko lehen karetako argazkia, 1994. urtekoa, aktoreetako batzuekin. EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Euskaldun bakoitzak bere azterketa egin dezake Goenkale-ren ekarriaz, 1994ko urritik 2015eko abendura ETB1eko programazioan mantendu zen telesaila izaki, belaunaldi bat baino gehiago zipriztindu zuen fikzioa izan baitzen. «Euskal kultura industriaren iraultzarik handienetakoa izan zen», esan zion BERRIAri Luis Aranberri Amatiño ETBko zuzendari ohiak, telesaila bukatu zen hilabetean. «Ekoizpen sistema, metodologia, diziplina, talde lana eta errutina profesionalaren fruitua». Ez alferrik ETB1ek gauero emateko telesail bat sortu zuen, Pausoka ekoizpen etxearekin. Amatiñok berak eta Joxe Mari Otermin ETBko programen orduko zuzendariak 1993ko ekainean egindako bidaia batetik ekarri zuten ideia: Galesko Pobol y Cwm saioaren grabaketa ikusi ostean, itzuleran Amatiñok antzeko proiektu bat aurrera eraman behar zela esan zion Otermini. Hitza hartu, eta ekin.



Aurreneko egunetan ez gehiegi, baina asteek aurrera egin ahala, Arralde fikziozko herriko istorioak gero eta etxe gehiagotan sartuz joan ziren. Fenomeno bilakatu zen, eta sekulako ikusle datuak bereganatu: 1994-1995eko denboraldian, 105.000 ikus-entzule izan zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —%12,9ko ikusle kuota—; hurrengo denboraldian, 106.000 ikus-entzule; 98.000, 1996-1997an; eta 107.000ko marka, 1997-1998an.

Urtero 90 langileri baino gehiagori ematen zion lana fikzioak. Alor hori bereziki nabarmendu du Olatz Beobidek —Goenkale-ko zuzendaria izan zen 2007tik 2014ra, eta horren aurretik aktore aritu zen—. «Sektorearentzat onura izan zen; lanpostu onak ziren telesailekoak. Hain da urria hainbat hilabetetako lana izatea gure sektorean...».

Goenkale bat baino gehiago egin zituzten Goenkale-n. «Folletoi generoko telesail batek ekarpen mota bat egiten du», esan du Beobidek. «Hasieran, kostunbrismoa zen nagusi. Hurrengo hamarkadan, garapen bat eskatu zitzaigun». Unean uneko zenbait gai ere landu zituzten, gero: ume lapurtuak, transexualitatea...

Telesailak emandakoaz, alor askotan aipa daitezke fruituak. Lehorretik hazitakoak. Hizkuntzaren tratamenduan, aditu batek baino gehiagok goraipatu du Goenkale-k egin zuen ekarpena. Anjel Lertxundi gidoilari taldeko hizkuntza arduradunak —idazle talde sendoa aritu zen gidoiak idazten— egindako lana gogoratu du Beobidek, baita telesailaren euskara arduradunena ere. Ritxi Lizartza euskara zuzentzailea izan zen 1994tik 2005era; hala esan zion BERRIAri: «Hizkera bat landu behar zen, zuzena izango zena, edozeinek ulertzeko modukoa eta zokokeriak baztertuta». Beobideren arabera, «altxorra» izan zen telesaileko euskara: «Baimenak zeuden, eta egon behar dira, bizirik dagoen hizkuntza batean».

Aktore harrobi amaiezina

Gutxitan goraipatu den alor bat ere aipatu du Beobidek: errealizazioarena. «Kaleko sekuentzietan, errealizazioak oso deigarriak ziren. Miresmenez ikusten nuen lankide teknikarien lana. Baliabide gutxirekin etekin asko ateratzen zen».

Sarri aipatu izan da, bestalde, aktore harrobi gisa ekoizpenak eman zuena. Aktoreen artean, Kontxu Odriozolak eta Mikel Garmendiak lehen urteak markatu zituzten, eta telebistan lan egiteko aukera izan zuten makina bat aktore gaztek. Gero, beste batzuk etorri ziren. Aktore gazteetako batzuk aukeratu zituen Pausokak beste telesail bat sortzeko: Hasiberriak (2001-2002).

2006an, Goenkale astean bitan ematen hasi ziren: astelehenetan bi atal, eta astearteetan, beste bi; azkeneko urtean, 2015ean, soilik astelehenetan zen. Ikusle datuek beherantz egin zuten azkeneko denboraldietan, ETB1eko batezbestekoarekin gertatu moduan. 2014-2015eko denboraldian, %1,9ko ikusle kuota izan zuen; eta azkenekoan, %1,3koa.

Sektoreko profesional ugarik aipatu izan dute Goenkale-ren bukaerak ekarri zuen galera. Beobidek hala dio: «Zoritxarrez, murrizketarako baliatu zen Goenkale kentzea, horko dirua beste zerbaitetarako joan zelako, baina ez beste telesail batzuk egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.