Hilaren 28an emango du ETB1ek telesailaren azkeneko atala. 1994ko udazkenean, askok ez zuten piperrik ematen proiektuarengatik, baina 21 urte iraun du euskarazko telebistaren inoizko fikziozko saio arrakastatsuenak.
Ez da giro Goenkalen. Lasa anaiak liskarturik daude. Goenkalek oilategia dirudi, eta Lasa anaiak elkarri mokoka bizi dira...». Mikel Garmendia zena eta Jose Ramon Soroiz ziren Lasa anaiak: Jose Mari eta Martin. Lehena, Boga-boga ostatuaren jabea, eta bigarrena, herriko bideoklubarena. 1994ko urriaren 3an entzun ziren aurrenekoz haien tirabirak ETB1en.
Luis Aranberri Amatiño zen orduan ETBko zuzendaria. Goenkale euskal kultura-industriaren «iraultzarik handienetakoa» izan zela uste du: «Ekoizpen sistema, metodologia, diziplina, talde lana eta errutina profesionalaren fruitua». Euskal Herriko etxeetara fruitua iritsi aurretik, Amatiñok berak eta Joxe Mari Otermin ETBko programen orduko zuzendariak 1993ko ekainean egindako bidaia batetik ekarri zuten ideia. Munduko telebista publikoen azoka batean ziren, Bristolen (Erresuma Batua). Gogoan du Oterminek: «Cardiffera [Galeseko hiriburura] joan ginen, eta BBCrako egunero egiten zuten saio baten grabaketan izan ginen: Pobol y Cwm». Euskal Herrira bueltan, Amatiñok antzeko proiektu bat aurrera eraman behar zela esan zion Otermini. Hark Miramongo egoitzako korridore nagusian ekoizle bati esan zion ETBk interesa izan zezakeela halako zerbaiti ekiteko. «Hori hemen egitea ezinezkoa zela erantzun zidan, zirt-zart. Telesailak gurean beste erritmo batean egiten zirela». Bi eta bat egiten zuen orduan ETBk. «Flamingo Berria ere egiten zuen K2000-k, eta ekoizpena espartarra zen».
Pedro Ruiz Aldasoro ekoizleari adierazi zion gero Oterminek eguneroko telesaila egiteko asmoa. «Baiezkoa eman zuen, azalpenik eskatu gabe. Martxan jarriko zuela, Pausokaren inguruan bazebilela jende interesgarria».
Grabazioei ekin aurretik, Joseba Gardeazabalek, telesailaren lehen zuzendariak, kolorez betetako paper bat eraman zuen bilerabatera. «Produkzioaren plangintza bat zegoen paperean», oroitu du Gardeazabalek. «Lehen, talde bat zegoen aste batez grabatzeko, bigarren taldea postprodukzioa egiteko, eta hirugarren taldea hurrengo asterako grabaketak prestatzeko». Maite Iturbe ETBko produkzio burua zen orduan, eta «zeharo harrituta» gelditu zen.
Taldea martxan jarri, eta estreinaldiaren osteko lehen atalen ikusle datuak ez ziren sekulakoak izan. «Baina lasai samar hartu genuen, proiektuak malgutasuna zuelako epe baterako», oroitu du Oterminek. «Arrakasta etorri zen handik gutxira, eta euskal inteligentsiaren zati bat lotsatu egin zen horrekin. Errenteriako [Gipuzkoa] mahai inguru batean esan zidaten: 'Erne gero, arrakastak ez zaitzatela jan!'». Euskaldun guztien ahotan ziren ordurako Arraldeko gorabeherak. Arrakasta haren atzean Pausoka ekoizpen etxeko langileak zeuden —Iñaki Eizmendik 1987an sortu zuen enpresa—. 1990eko hamarkadan, ekoizpen etxe bakoitza saio bakar bati lotzen zitzaion. «Eta Goenkale Pausokarentzat pauso kualitatibo ikaragarria izan zen», gogoratu du Eizmendik. Pausokan hamar bat lagunek lan egiten zuten Goenkale-ren aurretik. Telesaila egiten martxan jarri zirenean 120 lagun zeuden lanean. «90 pertsona ingururentzat bizibide bihurtu zen. Egunero egiten zen atal bat, 23-24 minutu ingurukoa». ETBrekin elkarlanean egiten zuen saioa Pausokak, eta horrek lagundu egiten zuela dio Eizmendik.
Gardeazabalek oroitu du giro «oso ona» izaten zutela grabaketetan. Hainbat trama dramatiko lantzen zituzten gidoian, sekuentzia batetik bestera aktoreak errepika ez zitezen. Sekuentzia denbora jakin batean grabatu behar zuten. «Aurrenekoan ondo ateratzen bazen, hobe», dio Eizmendik. «Eskerrak aktoreen maila handia zen». Ekoizlearen ustez, gakoa Gardeazabalen plangintza paper hura zen. Nabarmendu du, halaber, gidoilari taldean euskal literaturan egon zitezkeen idazle «interesgarrienetakoak» zeudela. Haien artean, Juan Garzia, Juan Martin Elexpuru, Joxan Ormazabal, Inazio Mujika, Josean Muñoz eta beste hainbat.
Olatz Beobidek —telesailekozuzendaria 2007tik 2014ra— gogoratu du Goenkale «fenomeno» bilakatu zela euskal aktore gazteen artean ere. «Mesfidantza bazen profesioan; pentsatzen zen abiadura horretan ezin zela produktu on bat egin. Baina bi urtean denok zeuden Goenkale-ri begira». Errepikatu ezinezkoa dena bihurtu da Goenkale, Beobideren iritziz: «Denon zerbait bihurtzea, euskaldun guztion zerbait. Hori ez da lortzen, nahita ere».
Gardeazabalek azaldu duenez, euskaldun berrientzat ere «fenomeno garrantzitsu» bihurtu zen telesaila: «Institutu askotan telesailaren euskara eredua aintzat hartzeko eskatzen zieten ikasleei». Oterminek eta Beobidek uste dute «funtsezkoa» izan zela hasieratik euskara zaintzea.
Telesaileko eta telebistako arduradunek, bestalde, aurrenetik erabaki zuten Arraldeko trametan auzi politikorik ez sartzea. «Hala ere, sentipena dut ez genuela hori gehiegi hausnartu», dio Oterminek. «Giroa zaila zen, eta eztabaida saioetan politikak presentzia handia zuen. Saturazioa zegoen», oroitu du Eizmendik. «Uharte soziologiko moduko bat planteatu zen Arralderako. Naturalki atera zen».
Askotariko ekarriak
Euskarazko telesaila izan arren, ez da urteotan ekoizpen prozesu osoa euskaraz egin. Bibliak eta eskaletak gaztelaniaz zeuden. «Prozesu industrial bat zen, langile askorekin, eta piramide horretan zenbait ez ziren euskaraz baliatzen», dio Eizmendik.
Azken produktuan euskara zaindu bai, zaintzen zuen, ordea, eta horretan eragina izan zuen Anjel Lertxundiren eskuak —gidoilari taldeko hizkuntza arduraduna—. Mario Esnal izengoitiarekin, artikulu bat idatzi zuen RIEV aldizkarian 2010ean. Hala zioen: «Ukaezina da euskarari egiten ari zaion ekarria, bai erabiltzen den euskararen bizitasunarengatik, baita hainbat urteren ondoren milaka ikusle fidelizatu duelako ere gure hizkuntzarekin».
Ekarriak 21 urte iraun du; ez da izan debaldekoa. Telebistan hori ez dela erraza aitortu du Beobidek: «Telesailak egunerokoan entretenitu behar zuen, eta amua izan behar zuen jarraitzeko eta jarraitzeko». Eizmendiren arabera, «kultura unibertsaleko gaiak zeuden». Gaietan, estiloan, pertsonaietan aldatu zen telesaila, baina ikusleek adi jarraitzen zuten. «Eboluzioa naturala» izan zela uste du Eizmendik. «Garaian garaiko gaiak txertatzen joaten ziren». Beobideren arabera, gaiak beti «ondo txertatuta» joaten ziren: «Urte batean haur lapurtuen gaia egokitu zitzaigun, beste batean etxe kaleratzeena». Familien aldaketak ziren tartean. «Konplexua zen dena uztartzea».
Goenkale astean bitan ematera pasatzeak —2006ko urtarrilean—, bestalde, eragina izan zuen ikusleengan. Hala uste du Beobidek: «Jendeak ohitura galdu zuen, eta beste telesail batzuk ikusten hasi zen. Ordutegia ere berandutu egin zen». Pare bat krisi «serio» izana oroitu du Eizmendik, baina aurrera egin zuten Arraldeko abenturek. «Hirugarren krisiak amaiera ekarri du».
Aitor Osa izan da telesailaren azkeneko denboraldiko zuzendaria —Pedro Fuentesekin batera—. Azkeneko atalen grabaketa taldearentzat «nahiko tristea» izan zela adierazi du. «Autokritika asko egin genuen lantaldean produktua hobetze aldera, eta gogoeta horien emaitzak martxan jartzeko beste aukera bat ez izatearen penaz gelditu gara».
Penak alboratuz, telesailaren ekarriaz harro mintzo da Otermin: «Proiektu jakin batek telebistako fikzioan euskarari egin dion eskaintza eta mesederik handiena Goenkale-ren bitartez egin da». Gardeazabalentzat, guztiek ikasteko «sekulakoa» izan da. Eizmendik uste du «larre motzean» aritzeak klase profesional «oso indartsua» eman duela, «lan kate guztian». Beobideren iritziz, zaila du ETBk Goenkale-rekin lortu duena lortzea: «Galera handia izango da».
BIHAR: 'GOENKALE'-REN AMAIERA (II): Ikusleak.
SERIEA. 'Goenkale'-ren amaiera (I). Historia
Arralde ez da izan debalde
Galesen ikusitako saio batetik ekarri zuten ideia Joxe Mari Oterminek eta Luis Aranberri 'Amatiño'-k. Pausoka ekoizpen etxeak erronkari heldu, eta 1994ko urriaren 3an eman zuten lehen atala. Euskarazko fikzioan mugarri izan zen: ekoizpenean, euskaran eta aktore lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu