Iruñeko Irrintzi Dorrean du estudioa Euskalerria Irratiak. Iaz, zaharberritu egin zuten eraikin hori. Hori dela eta, irratiak astebetez eten behar izan zuen programazioa. Zaharberritze integral bat egiteko aprobetxatu zuten. Joan den astelehenean hasi zuten denboraldia, berritasunez betea.
Juan Kruz Lakasta (Jaka, Espainia, 1970) da Euskalerria Irratiko koordinatzailea. Mikel Bujanda zuzendariak erretiroa hartu zuen 2020an, eta ordutik da koordinatzaile Lakasta.
Zer da zuretzat koordinatzaile izatea?
Nire eskualdeko eta nire hiriko tokiko hedabide bat da, komunitatearekiko atxikipen handia lortu duena. Gainera, oso rol garrantzitsua jokatzen du eskualde honetako euskal hiztunentzat. Nekagarria da, baina ohorea, aldi berean.
Zelan joan da denboraldiaren hasiera?
Intentsitate handiko astea izan zen aurrekoa. Salto digitala eman dugu aurten. Esaterako, kamera adimendunak jarri ditugu estudio nagusian. Horri esker, irailaren 19ko lehenengo saioa streaming bidez eman genuen, sare sozialetan eta webgunean. Ostiralean, gainera, Laba elkartetik egin genuen saioa. Pandemiaren eta zaharberritze lanen kontura, hiru urte eman ditugu ia irteerarik egin gabe. Komunitatearengana itzuli nahi dugu. Horregatik, irteera gehiago egingo ditugu. Lan asko daukagu aurrean, eta nekagarria izango da, baina oso pozik gaude.
Derrigorrezkoa da gaur egun salto digitala ematea?
Ezinbestekoa. Prentsak webgunean birkokatu behar izan zuen. Orain, teknologia berriek —hala nola podcastek— lurrikara eragin dute irratigintzaren munduan. Hainbat formatutan egin behar dugu lan. Denboraldi honetan, visual radio egiten hasiko gara —euskaraz, irrati bisuala—. Kamera berriei esker, elkarrizketa edota kolaborazio jakin batzuk emanen ditugu zuzenean. Sare sozialetan, ekoizpenen zatiak jarriko ditugu. Mobile journalism ere egingo dugu: kazetaritza mugikorra. Azken belaunaldiko telefonoak erosi ditugu Iruñerriko kaleetan gertatzen dena abiada bizian kontatzeko.
Zein da denboraldi berriaren helburu nagusia?
Gure helburua beti da jendeari ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzea. Irratiak aurrera egin du 200 kolaboratzaileei esker, iragarle fidel askori esker eta mila bazkideren sostenguari esker. Kalera irtetearen arrazoia haiek eman diguten sostengua bueltatzea da. Haiekin geneukan harremanaren falta sumatu dugu, eta badirudi denboraldi honetan posible izanen dela berreskuratzea. Aro berri batean sartu gara. Salto digitalarekin, zerbitzurik hoberena eskaini nahi diegu.
Zer garrantzi dute sare sozialek zuentzat?
Garapen digitalean, ohartu gara ez duela balio irratiko edukia webgunean edo sare sozialetan jartzeak. Espresuki sortu behar ditugu edukiak sare sozialetarako. Hor ere badugu audientzia, eta horrentzako eduki aproposak sortzen ahaleginduko gara. Visual radio eta mobile journalism horretarako ditugu, eta kontratazio berri bat egin dugu. Lankide bat jardunaldi erdiz ibiliko da sare sozialetan lanean.
Zer aldaketa egin dituzue edukietan?
Goizeko albistegian aldaketa garrantzitsu bat egin dugu. Albistegi bakarra izan ordez, hamar minutuko hiru ditugu orain: 07:50ean, 08:30ean eta 08:50ean. Horrela, espero dugu entzule gehiagorengana iritsi ahal izatea, eta jende gehiagori zerbitzua eskaintzea.
FMko programazioaz gain, beste zerbait eskainiko duzue?
Irratigintza tradizionalari eutsi behar zaio, baina podcastak ere lotu behar dira. Eta podcastak egitea ez da antenako edukia zatikatzea eta sarean jartzea. Podcastak sortu egin behar dira, espresuki, podcast moduan kontsumitzeko. Laba elkartearekin elkarlanean, joan den denboraldian estreinatutako podcastarekin jarraituko dugu: Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko, Iker Tubiak eta Yasmine Khrisek gidatuta, Iruñerriari buruzko umorezko podcasta. Inkestek diote FMari fidel zaizkionak 50 urtetik gorako herritarrak direla. Hortik beherakoek joera dute gero eta gehiago podcastak kontsumitzeko. Ezin diogu datu horri bizkarra eman, ezta entzungor egin ere.
Juan Kruz Lakasta. Euskalerria Irratiko koordinatzailea
«Aro berria hasi dugu, salto digitala emanez»
Euskalerria Irratiak denboraldi berriari ekin dio. Iruñerriko euskal komunitateari zerbitzurik onena eskaini nahian, salto digitala eman dute. Besteak beste, kamera adimendunak jarri dituzte estudioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu