Argitalpenen argi-ilunak

Ikerlariek zientzia aldizkarietan argitaratzen dituzte euren lanak, ezagutarazteko. Argitalpenetan oinarritzen dira kalitate indizeak, eta, nolabait, artikuluak egitera beharturik daude. Negozio handia da argitalpenena, eta sistema hori kritikatzen dute zientzialari askok.

BERRIA.
Iker Tubia.
2023ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
«Argitaratu edo hil». Hala dio zientzialarien artean ezaguna den aforismoak. Esaldi horren bidez, ikerlariek etengabe zientzia aldizkarietan argitaratzeko duten presioa azaltzen da. Ikerlariek euren lanak argitaratzen dituzte ezagutarazteko, baina hori ez da argitalpenen funtzio bakarra; kalitate sailkapenetan gora egiteko modua ere badira. Argitaletxeek negozio handia egin dute ikerlarien lepotik. Sistemarekin kritikoak direnek nabarmendu dute hori aldatu egin behar dela.

«Aldizkariak zientzian sortzen denaren fede emaile dira, eta erakusleiho bat. Horrek egiten zaitu ikusgarri gainerako zientzialarientzat, eta sinesgarritasun bat ematen dizu. Garrantzitsua da; zientzian, lortu ditugun emaitzen berri eman behar baitugu, zabaltzen ez dena ez baita existitzen». Horrela azaldu du Guillermo Quindosek argitalpenen garrantzia. EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea da, eta Revista Iberoamericana de Micología aldizkariko zuzendaria.

Argitalpenena, zientzia komunitateak «osotasunean» kudeatzen duenez gero, «beti ontzat» eman duten sistema dela uste du Juan Ignacio Perezek. EHUko errektore ohia da, erakunde horren Kultura Zientifikoko Katedrako arduraduna eta Los males de la ciencia (Zientziaren gaitzak; Next Door Publishers, 2022) liburuaren egileetako bat. «Guk sortzen ditugu lanak, artikuluak zientzialariok ebaluatzen ditugu, eta, argitaletxeek plazaratzen dituztenean, guk kontsumitzen ditugu. Horregatik da oso gurea».

Baina egoera aldatu egin da; lehen argitaratzaileak askotarikoak zirela azaldu du Perezek: zientzia elkarteak, argitaletxe komertzialak, laborategiak... «Denborarekin, enpresa gutxi batzuek monopolizatu dituzte zientzia aldizkari garrantzitsu gehienak. Ondorioz, haiek inposatzen dituzte baldintzak sistemak funtzionatzeko». Asko kobratzen dute, edo harpidetzagatik edo ikertzaileek euren aldizkarietan argitaratzeagatik. Joaquin Sevilla liburuaren beste egileak esaten du seguruenik hori dela «munduan etekin handien duen negozio legala».

Urratsez urrats

Ikerketa lan bati buruzko artikulu bat argitaratzeko, lehenbizi, aldizkari berezitu egokiena aukeratu behar da; kalitate irizpide batzuen arabera egiten da. Badira zenbait alor biltzen dituzten aldizkari orokorrak: Nature, Science...; badira alor bateko aldizkari orokorrak: medikuntzan, adibidez, The New England Journal of Medicine, The Lancet...; eta oso berezituak direnak badaude, adibidez, The Lancet Infectious Diseases. Aldizkari batzuek sona handiagoa dute, dela urte luzez zorroztasunez aritu direlako, dela ikerlari askok haietan publikatzen dutelako.

Sailkapen bat dago, zenbait kontu aintzat hartuta: argitaratutako artikulu kopurua, artikulu motak, eta artikuluak zenbat aldiz aipatzen diren aldizkari horretan eta beste batzuetan. Hala funtzionatzen du aipamenen kontuak: mila artikulu argitaratu eta mila aldiz aipatzen badute aldizkaria, bat bezala kontatzen du. Ehun argitaratzen baditu eta berrehun aldiz aipatu, bi. Beraz, bigarrenak du maila altuagoa. «Kontaketa hori urtero egiten da; beraz, editoreok urduri egoten gara. Aldizkari sonatuetan ez da alde handirik izaten, baina beste maila batzuetan, bai», azaldu du Quindosek. Lau maila daude, orrietan sailkaturik: Q1 taldekoak dira onenak.

Sailkapen hori aldizkariei dagokie, ez egileei. Ikerlarien kasuan, ez da soilik haien artikuluak argitaratu dituen aldizkaria kontuan hartzen; haien artikuluen aipamenak ere kontuan hartzen dira. H indizea da horietako bat: ikerlariak dituen argitalpen kopurua eta beste artikuluetan aipatu duten aldiak aintzat hartzen dituena. H20 indizeak esan nahi du hogei argitalpen dituela hogei aldiz edo gehiago aipatu direnak. Interneteko aipamenak ere hasi dira kontuan hartzen, ALT metrics deritzote, baina oraindik ez du garrantzi handirik.

Ikerlariek euren lanak argitaratzeagatik ordaindu behar izaten dute askotan. Quindosek esan duenez, aldizkari oso on batean 6.000, 8.000 edo 10.000 euro. Ona bai, baina ez hain entzutetsua den batean, 1.800, 2.000 edo 3.000 euro. «Hori negozio bat da». Bestalde, aldizkari predatzaileak ere badaude, inolako zorroztasunik gabe edozer argitaratzen dutenak negozioa egiteko.

Aldizkaria aukeratuta, artikulua bidali eta argitaletxeko editoreek gaia begiratu eta onartzen badute, alor horretako zuzendari elkartuari bidaltzen diote, hark hiru ikuskatzaileri bidal diezaien. «Artikulua baloratu behar dute; metodologia, estatistika, datu bilketa eta abar ongi egin direla ikusi. Metodo zientifikoaren irizpideak betetzen direla, alegia», azaldu du Quindosek. Artikulua argitaratzeko modukoa bada, mezuen joan-etorria hasiko da, behin betiko testua adostu arte.

Ikerlarien presioa

Argitaletxeen monopolioaz gain, Perezen aburuz, argitalpenen sisteman beste aldaketa bat gertatu da: «Gero eta gehiago erabili dira ikertzaileak baloratzeko eta irakasleen kategoria definitzeko. Orduan, horren arabera ematen dira ikerketa proiektuak, diru laguntzak, lanpostuak, promozioak...». Artikulu kopuruak hainbesteko garrantzia duenez, argitaletxeei «sekulako boterea» eman dietela uste du. Bide beretik mintzatu da Camino Bueno: «Duela 15-20 urte jendea ailegatu zitekeen titular edo katedradun izatera argitalpen gutxirekin. Ia deus ez eskatzetik, sarri gehiegizkoa den egoera batera pasatu gara, batez ere lan prekaritateari oso lotuta baitago».

Bueno NUPeko irakaslea da, NUPen argitaratzen diren Huarte de San Juan eta Filología y Didáctica de la Lengua aldizkarietako zuzendaritza taldekoa. Kexu da, zientziaren alor guzietara eredu bera zabaldu delako. Alde on bat ere baduela onartu du: «irizpide berak» eskatzen zaizkie guziei, eta funtzionario izanen den horren «kalitatea bermatu» liteke.

Baina kritikoa da egoerarekin: «Sistema oso perbertsoa da. Gaur-gaurkoz ia-ia argitaratzeko bizi gara; beraz, ez diogu hausnarketari denborarik eskaintzen. Zurrunbilo bat da». Ez hori bakarrik, ikertzaileek aldizkaririk onenetan argitaratu nahi dutenez, besteak bazter gelditzen ari direla uste du. Perezek presioaren eraginaz ohartarazi du: «Sistemak behartu gaitu sekulako erritmoan lan egitera, eta zientzialarien komunitatean geroz eta gehiagok dituzte osasun mentaleko arazoak, sekulako presioa jasotzen dugulako».

Argitaletxe handien negozioa da askok salatzen duten afera bat. Izan ere, irabaziak baizik ez dituzte izaten. Ikuskatzaileei ez diete ordaintzen, artikuluak argitaratzeagatik kobratzen dute gehienetan, eta argitalpenak irakurtzeko harpidetu beharra dago.

Ikuskatzaileak lortzea geroz eta zailagoa dela kontatu du Buenok: «Artikulu gainkarga dago, eta ikuskatzaileek ezin diote horri erantzun. Horregatik, askotan, aditua ez da nahi bezain aditu». Hilean sei eskari jasotzen dituztela ohartarazi du. Intereseko zaizkionak hartzen ditu berak: «Nire arloan eguneraturik egoteko ikuskatzen ditut artikuluak. Gaur egun hainbeste argitaratzen da eta hainbeste aldizkari dago, ezinezkoa baita jarraipena egitea».

Perezek uste du artikuluak ikuskatzen dituztenak geroz eta gehiago direla ikertzaile gazteenak, zaharrenek ezetz esaten dutelako: «Denbora pila bat kentzen digulako esaten dugu ezetz. Planto egin beharko genuke baloratzeko baldintza egokiak ez dauden bitartean». Argitaletxeei doan ateratzea ez du ontzat hartu.

Egoeraren aurrean, Perezek uste du administrazioek diru laguntzak emateko eta ikertzaileak promozionatzeko edo kontratatzeko erabiltzen dituzten irizpideak aldatu beharko lituzketela. Hori egiteko, ikertzaileen pentsaera aldatu behar delakoan dago: «Ikertzaileen jarrera ere garrantzitsua da, guk eraiki dugulako sistema hori. Administrazioek erabaki horiek hartu dituzte gure aholkuei, proposamenei eta prozedurei jarraituz».

Zein izan daitezke irizpide horiek? Norbait kontratatzeko tenorean, artikulu kopuruari eta kalitate indizeei erreparatu beharrean, artikuluen edukiak aztertzea proposatu du Perezek. Edo elkarrizketak egitea hautagaiei edo ikerketa taldeko buruei. Alegia: «Gehiago baloratu beharko litzateke lanaren emaitza zuzena bera, ez hainbeste adierazle kuantitatibo eta kualitatibo horiek, dagoeneko oso eztabaidatuak».

Sistemaren alternatiba gisa, zientzia irekia aldarrikatzen dute batzuek: ikerketa lanak publiko egitea eta denen eskura uztea. Edo argitaratutako artikuluak denen eskura uztea, baina horretarako argitaletxeek mugak paratzen dituztenez, azkenean, ikertzaileek eurek ordaintzen dituzte artikuluak. Nola edo hala, Perezek argi du: «Zirkulu hori eten behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.