Telesur 2005ean sortu zuten kazetarien artean zegoen Patricia Villegas (Cali, Kolonbia, 1974). Informazio zuzendariarenkargua bete zuen, 2011. urtean hedabidearen presidente izendatu zuten arte. Elkarrizketako galderei erantzun ostean, atzo Interneten salatu zuen Argentinako Tele Centro kable bidezko eskaintzatik kendu egin dutela Telesur.
Argentinako Gobernuak adierazi du Telesurreko akziodun izateari utziko diola eta katea telebista digital irekiko eskaintzatik aterako duela. Zer iritzi duzu?
Argentinako Komunikazio ministroak hedabideei esan die egitera doazena, baina orain arte ez dute ezer egin. Gure aldetik esan dezakeguna da Telesurretik ateratzen badira eta telebista digital irekiko eskaintzatik seinalea ateratzen badute zentsura kasu argi bat izango dela. Clarín egunkariarekin gertatu zen moduko zentsura, alegia.
Hernan Lombardi Argentinako Komunikazio eta Eduki Publikoen ministroak esan du Argentinako herritarrek ez dutela ordaindu beharrik «alde bakarreko diskurtso» bat bilakatu den zerbaitegatik.
Ministroak berak ondo daki Telesur ez zaiola sosik kostatzen Argentinako Errepublikari. Ematen du gaia eztabaida batera eraman nahi duela, benetakoa eta zehatza ez den planteamendu batekin. Haren iragarpena erabat politikoa da, ordea, eta hor dago gakoa. Gogorarazi behar da gure seinalearen zabalpena doakoa dela.
Argentina litzateke Telesurretik ateratzen den lehen herrialdea. Zer ondorio izan ditzake? Beste herrialde batzuek bide bera hartzeko beldurrik baduzue?
Kontuan izan behar da Telesurrek ez duela soilik estatuen parte hartzea, baizik eta hitzarmen ugari dituela munduko erakunde askorekin. Askorentzat gure komunikabidea zorioneko albiste agentzia baten modukoa da. Gaur egun toki bat dugu informazioaren munduan, eta hori ez da aldatuko gobernu batek halako erabaki bat hartzen duelako. Gainera, Argentina bere gobernua baino gehiago da, nazio handi bat da. Argentina Telesurren dago, eta beti egongo da bertan.
Argentinako ikusleek zer iritzi dute Telesurren inguruan?
Argentinatik makina bat maitasun adierazpen jaso dugu, baina ez bakarrik orain gobernuaren iragarpen hori mahai gainean dagoela. Harremana ona izan da beti ikusleekin. Argentinako herria informatuta egon nahi duen herri bat da, eta gure edukiak digitalean asko kontsumitzen ditu. Telesurri ere Argentinako herriarekin harremanetan egotea gustatzen zaio, baita haren istorioak kontatzea ere.
Argentinako ikusleek jarraituko dute Telesur ikusten, kable bidez ala Interneten?
Ez dut zalantzarik hala izango dela. Baina gure desioa eta borroka da Telesur euskarri guztietan ikusi ahal izatea, baita telebista digital irekian zein ordainpekoan ere. Eta ikusleak nahi duen katea aukeratzeko modua izan dezala.
Zeintzuk dira Telesurren etorkizuneko erronkak?
Telesur beti hazten saiatu da, eta munduarentzat Latinoamerikaren informazio seinalea bilakatzen. Horretarako ari gara lanean, kalitatezko proposamen bat eskaintzeko, eduki lehiakorrekin. Egunez egun lan egingo dugu, albisteak lehen eskutik emateko, eta albisteak une egokian eskainiz. Gertaera garrantzitsuenak ikusaraziko ditugu aurrerantzean ere. Eta edukiak gure zigilu propioarekin ekoitziko ditugu.
Patricia Villegas. Telesur telebista kateko presidentea
«Argentina Telesurren dago, eta beti egongo da bertan»
Argentinako Gobernuak iragarri du Telesur utziko duela eta telebista digital irekiko eskaintzatik aterako duela. Villegasek esan du hori gertatzen bada «zentsura» izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu