Xabin Fernandez Zubeldiak sortutako elkarrizketa saio berezia da Ardi beltzak. Primeran plataformak irailaren 12an estreinatu zuen aurreneko denboraldia. Bost atal izan zituen sorta hark, eta, orain, atal berriak ekarriko ditu Fernandezek. Denboraldi berriak zortzi atal izango ditu guztira.
Gaur estreinatu dituzte bigarren denboraldiko lehen hiru elkarrizketatuen atalak. Hirurak sentitu izan dira lekuz kanpo ezaugarri fisiko baten ondorioz. Hauek dira hiru protagonistak: Lara Zapirain —akondroplasiari buruz hitz egingo du—, Martin Perez —arantza bifidoaren ondorioz, gurpil aulkian ibili behar du— eta Palmira Dual —ijitoek jasaten duten bazterketari buruz mintzatuko da—. Hilaren 21ean, hiru protagonista horiek Fernandezekin batera eseriko dira artile beltzez egindako besaulkietan, eta norbere sentipenen berri emango diote elkarri.
Astebete geroago, hilaren 28an, aukera izango da bigarren denboraldiko azkeneko hiru lekukotzak ikusteko. Hiru hizlari horiek isilean eta bakarrik heldu behar izan diete desberdin sentiarazi dituzten ezaugarriei edo arazoei. Azken sortako «ardi beltzak» hauek dira: Mattin Garikano —mugako nortasunaren nahasmenduari buruz ariko da—, Blanca Bertiz —sexualitateagatik pairatu duenaz mintzatuko da—, eta Unai Garma —jokoarekiko mendekotasunaz hitz egingo du—. Hiru protagonista horiek ere elkartuko ditu Fernandezek, baina haien arteko solasaldia ezingo da ikusi apirilaren 4ra arte. Nafarroako belardi batean elkartuko dituzte.
'Caminho Longe' dokumentala
Primeran plataformara iritsi da gaur bertan Caminho Longe dokumentala ere. Josu Martinezek eta Txaber Larreategik Sagarren denbora dokumentala zuzendu zuten 2010ean, eta, hamar urte geroago, beste lan bat egin zuten protagonista berberekin: Alfontso Etxegarairekin eta Kristiane Etxaluzekin. 1986. urtean, Frantziak eta Espainiak deportatu egin zuten Etxegarai ETAko militante ohia. Afrikako Sao Tome eta Principe uharte-estatuan urte ugari egin zituen erbesteratuta. Caminho Longe-k Etxegarairen Euskal Herrirako itzulera kontatzen du. Etxaluz bikotekidearekin batera egiten du bidaia hori, eta barne sentimendu oso bereziak eragingo dizkie biei.
Caminho Longe 2020ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, eta Miarritzeko (Lapurdi) Fipadoc jaialdian ere aurkeztu. 2021eko urtarrilaren 22an, berriz, Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat zinema aretotara iritsi zen. Plataformetako estreinaldia 2022ko otsailean izan zuen, Filminen. Aurrerantzean, berriz, EITBren Primeran doako plataforman ikusi ahalko da. Adabaki Ekoizpenak taldeak ekoitzi zuen dokumentala, IPES, Gastibeltza Filmak eta Zinez-en laguntzarekin. Mezenasgo kanpaina baten bidez lortu zuten ekoizpenerako finantzaketaren parte bat.
Aste honetan, era berean, Primeran-ek Zurrunbiloa saioaren atal bat eta Argizaiola programaren beste atal bat estreinatu ditu.