Bilboko Aste Nagusia. Gure txokotik

Arbel aurrean bertsotan

Bertso hastapen jolasak egin dituzte Bilboko Euskalgunean, jendea bertsolaritzara gerturatzeko asmoz

Arbel aurrean bertsotan.
Bilbo
2013ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Ez da ohikoa egunkari bateko kazetariak egunkari bereko argazkietan azaltzea. Baina hau salbuespen bat da. BERRIAko langileak, herenegungo albisteak idatzi ostean, Bilboko txosnagunera hurreratu baitziren: txanda zeukaten Abante konpartsaren barran. Egunkaria bultzatzeko sortu zen Abante, eta aurten 20. urtemuga bete du. BERRIAko langileak egunsentira arte egon ziren zerbitzatzen. Trago batetik besterako tartean atera zuten argazkia.

Bestelakoa zen hurrengo goizean Euskalgunea osatzen duten txosnetan zegoen giroa. Alde batetik, umeentzako jolasak zeuden, eta baita txosnagunean goizero dagoen herri giroa ere. Baina bazegoen jai giroan ikustea ezohikoa den zerbait: gazte talde bat zirkuluan jesarrita, paperak eta boliak eskutan, arbel bati begira. Eta ez da gaupasero batzuen egunsentiko burutazioa, goizeko egitarauaren ekintzetako bat baizik: bertso hastapen jolasak.

Arbel baten aurrean egonik, ez zirudien jolasak leku asko izango zuenik, baina berehala aldatu zen hori: taldeak egin, barre egin, abestu... Hori eta gehiago egin zuten bertaratu ziren gazteek. Parte hartzaileek egin zuten lehenbiziko gauza koloretako bi paper hartzea izan zen. Paper arrosan, bertsolaritzarekin erlazionatutako gezur bat idatzi behar zuten, eta berdean, aldiz, egia bat. Ondoren, hainbat dinamika burutu zituzten, zeintzuetan bertsoen neurriak eta errimak izan zituzten hizpide. Dinamizatzaileak emandako errima batzuekin bertso bat osatuz eman zioten bukaera ikastaroari.

«Oso modu apalean»

Funtsean, jendea bertsolaritzara hurreratzea izan da ikastaroaren xedea, «oso modu apalean bada ere», Matxalen Zabaljauregi ekitaldiaren dinamizatzaileak azaldutakoaren arabera. Atzokoa izan zen ikastaroa egiten zuen lehen aldia, eta jende askok parte hartu ez zuen arren «nahiko giro polita» egon zela gaineratu zuen. «Euskal kulturaren oinarrietako bat» da bertsolaritza Zabaljauregirentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.