Inversiones Empresariales Ebro enpresak auzitara jo du Aragoiko (Espainia) AraInfo hedabidearen eta talde horretako bi kazetariren aurka —Chorche Tricas eta Iker Gonzalez—, eta baita Suso Dominguez Zaragozako Udaleko (Espainia) Zaragoza en Comuneko (ZeC) zinegotziaren aurka ere. Irain eta kalumnia delitua leporatu diote hedabideari, baita sekretuak argitara atera izana ere, hark iazko azaroan argitaratutako bi albisterekin lotuta: Zaragozako Udalak enpresa horri emandako bi diru laguntzari buruzkoak ziren albisteak.
Enpresak zuzenketa publiko bat egiteko eskatu dio hedabideari. Adostasun batera iritsi ezean, datorren asteazkenean egingo dute epaiketa, Zaragozako epaitegietan. Enpresak dagoeneko iragarri du helegitea aurkeztuko duela bere helburua lortzen ez badu; Zigor Kodearen arabera, bi urtera arteko espetxe zigorra edo milaka euroko isuna ezarri diezaiekete.
Egin dizkieten akusazioak gaitzetsi ditu hedabideak, eta esan du ez duela zuzenketarik egingo; prentsa askatasunaren eta informazio eskubidearen aurkako erasotzat jo du gertatutakoa, eta adierazi haiek «beldurtzeko eta isilarazteko» egin dutela.