Hamar urte bete dituela ospatzeko, Arabako Alea aldizkariak ekitaldi berezia prestatu du gaurko Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. Jaia 18:30ean hasiko da, eta ezusteko ugari izango dira. Aldizkariaren ibilbidearen errepasoa egingo dute, eta etorkizuneko erronken berri eman.
Geu Gasteiz Euskalduna elkarteak sortu zuen Arabako Alea egitasmoa, BERRIArekin eta Goiena komunikazio taldeekin batera. Euskarazko hedabideen gabeziari aurre egin, eta Arabako aktualitatearen berri eman du urteotan, harpidedunen eta komunitatearen babesarekin. Sortu zutenetik, helburu berari eutsi diote: euskara sustatzea, kalitatezko kazetaritza egitea eta Arabako herritarrengana hurbiltzea.
Arabako gizartearen askotariko ordezkari elkartuko dira gaurko ekitaldian. Besteak beste, Iñaki Gurtubai Euskara foru diputatuak eta Maria Nanclares Gasteizko Udalaren Euskara zinegotziak parte hartuko dute. Ezustekoen artean, Jon Basaguren musikariak Alea-ren kantaren bertsio gaurkotua aurkeztuko du.
Aritz Martinez de Luna Arabako Alea-ren zuzendariak lantaldearen gogoa nabarmendu du: «Orain hamar urte hasi ginen, zuhurtziaz eta oso ondo jakin gabe nora gindoazen. Horrelako proiektu bat martxan jartzea nahiko erronka handia zen, astekari bat argitaratzeak dedikazio handia eskatzen du eta». Etorkizunari begira, gaineratu du «beste toki batzuetan ahotsik ez dutenei tokia egiten» arituko direla aurrerantzean ere. «Desinformazioaren aurka, egiazkotasuna oinarri duen kazetaritza egiten jarraitu nahi dugu, bai eta komunitatea trinkotu ere, eta Arabako euskaldunek euskaraz bizitzeko duten eskubidea babestu».
Papereko aldizkaria argitaratzeaz gain, Alea.eus webgunea kudeatzen du Arabako Alea komunikazio taldeak. Gainera, beste proiektu askotan murgilduta dago taldea: SolasAlean lelopeko hitzaldiak, Radio Vitoriak emititzen duen Alea FM irratsaioa, Euskararen Agendaren kudeaketa, Kantari umeentzako musika ikuskizuna eta B-Alea podcasta, besteak beste.