'Arabako Alea'-k egoitza berria eta irudi korporatiboa estreinatu ditu

Aritz Martinez de Luna zuzendariak esan du irudi berria «freskoagoa» eta «modernoagoa» dela

Arabako Alea-ko lantaldea Zapatari kaleko (Gasteiz) egoitza berriaren sarreran. ARABAKO ALEA.
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Badira egun batzuk Arabako Alea aldizkariko taldea Gasteizko Zapatari kaleko egoitza berrira joan zela. Ostegun arratsaldean egin zuten egoitzaren inaugurazioa, gertuko hainbat lagunen konpainian. Ekitaldi xumea izan arren, Arabako Alea-ren komunitatea elkartzeko aukera baliatu zuten.

Baina euskarazko aldizkariak badu beste berrikuntza bat: logoa eta irudi korporatiboa aldatu ditu. Aritz Martinez de Luna Arabako Alea-ren zuzendariak adierazi du nahiago dutela aurrera begiratu, atzera begiratu beharrean: «Alea-ren irudia gaurkotu eta proiektuaren marka eguneratzea etorkizunera begira jartzeko aitzakia izan da. Igarotakoak atzean utzi, eta aro berri bati ekin nahi diogu».

Irudi berriak ez duela aurrekoa apurtu nahi, edonola ere, Martinez de Lunak nabarmendu duenez. «Identifikatuta sentitzen gara gure loretxoarekin, gure zigilua da, eta Alea ondo irudikatzen duen ikurra bihurtu dela uste dugu». Baina irudi berriak bere bertuteak dituela azaldu du euskarazko hedabidearen arduradunak: «Behar genuen itxura freskoagoa, estetika modernoagoa eta euskarri guztietan eguneraketa bat egitea». Bulego aldaketa aitzakia «ezin hobea» izan dela iruditzen zaio hori gauzatzeko. «Mantxeta gaurkotu, irudia moldatu eta euskarri digitaletako irudiak txukundu ditugu. Hortaz, irudi berriarekin estreinatu dugu bulegoa».

«Ekosistema elikatu»

Arabako Alea aldizkaria paperezko euskarrian ostiraletan argitaratzen dute, eta BERRIA egunkariarekin banatzen dute Araban. Martinez de Lunarekin batera, erredakzio taldean Anakoz Amenabar, Juanma Gallego, Estitxu Ugarte eta Mikel Buruaga ari dira.

Ostiraleko zenbakian, Loratu arte izenburuko editoriala argitaratu zuten —lantaldea egoitza berriaren sarreran ageri da—. Metaforekin jokatu du testuan Martinez de Lunak. «Baratzean landatutakoak denboraldi bakarrean zehar jaso eta gozatuko ditugu. Fruta arbolek, aldiz, ereindako hazi txiki batetik, urteen poderioz, gorpuztu eta heldutasunean fruitu goxoak emango dituzte». Iradoki du hilabete hotz eta gogorrekin batera, badirela udaberri egun leunak, «gau epel eta atseginak». Eta nabarmendu du, aurrerantzean ere hazteko gogoz egon arren, ezingo dutela hori bakarrik egin. «Gure ingurunea zaindu, ekosistema elikatu, elkar babestu eta indarrak batuz egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.