Arabako 'Alea' astekariak gaur argitaratuko du lehen zenbakia

BERRIAren harpidedunek egunkariarekin jasoko dute.Proiektu ireki eta parte hartzailea da

Alea astekariko kazetariak, erredakzioan, Gasteizko Eskola kaleko egoitzan. ALEA.
urtzi urkizu
2015eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Bi urte luzeko prozesuaren ostean, Alea euskarazko astekariak argia ikusi du. Gaur argitaratuko dute lehen zenbakia, eta, hemendik aurrera, ostiralero kaleratuko da. BERRIAren harpidedunek Arabako errealitatearen berri jasoko dute astero Alea-ren bidez, Arabako Hitza-ren ordez.

BERRIAren harpidedunak ez direnek urtean 50 euro ordaindu beharko dute Alea-ren harpidedun izateko. Aldizkariaren 32 orrialdeetan, Arabako albisteak, erreportajeak, elkarrizketak eta aisialdiko tarteak aurkituko dituzte. Baita kolaboratzaileen iritzi zutabeak ere.

GEU Gasteiz Euskalduna elkarteak, Goienak eta BERRIA Taldeak sortu dute elkarrekin Alea; hala, GEUko eta Goienako bazkideek 45 euroan izango dute aldizkariaren harpidetza. Arabakoalea.info webgunean egin daiteke harpidetza.

Alea-ren helburu nagusia Araban euskararen erabilera eta presentzia areagotzea izango da, eta euskarazko informazioaren bitartez lurraldea kohesionatzea. Xede horrekin aritu dira lanean azkeneko bi urteetan BERRIA Taldea, Goiena eta GEU euskara elkarteko kideak, Arabako talde gehiagoren laguntzarekin. Proiektuarekiko interesa azaldu dute azkeneko hilabeteetan hainbat elkartek, euskaltegik eta erakundek. Interes hori proiektuaren aniztasunaren erakusgarri dela nabarmendu du Ane Pedruzo Alea-ko komunikazio arduradunak.

Arabako euskaldun eta euskaltzaleen sarea osatzeko lanean, astekariak kuadrillaz kuadrilla zabalduko du informazioa. Eskualde bakoitzetik ekarpenak jasoko dituzte, proiektu ireki eta parte hartzailea baita. Araban euskarazko tokiko hedabideen hutsuneari aurre egiteko sortua. Sustatzaileek argi dute zein izango diren astekariaren ezaugarri garrantzitsuenak: «Gertuko informazioa eskainiko dute euskaraz, gertuko jendearen eskutik».

Aurreneko edukiak

Gasteizko Alde Zaharrean, Eskola kalean du erredakzioa Alea astekariak. Taldeko kazetariak buru- belarri aritu dira azkeneko egunetan aurreneko zenbakia prestatzen. «Erlojupekoan aritu gara lanean, lehenengo Alea inprentara bidaltzeko», esan zuten herenegun Twitterren (@ArabakoALEA).

Lehen zenbaki horretan, askotariko gaiak aurkituko ditu irakurleak: erreportaje nagusia Araba 2105 egitasmoaren inguruan egin dute; elkarrizketa luzea Pascual Borja Gao Lacho Drom elkarteko lehendakariari egin diote; lehen iritzi zutabeak Irati Iziarrek eta Iñaki Larrañagak idatzi dituzte; Arabako kuadrilletako berrien artean Laudioko baserritarren merkatu berria, Asparrenako aurrekontu berriak eta Gasteizko Errota auzoaren zaharberritze plana daude; kulturari eskainitako tartean, Korrika kulturala izan dute hizpide, eta Bertsozale elkartearen kolaborazioa jaso dute. Horiekin guztiekin batera, irakurleek denbora-pasak, zorion agurrak eta Arabako kultur ekitaldien agenda aurkituko dituzte astekarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.