'Apaiz kartzela' TV3en estreinatuko dute, ETBn eman aurretik

1968-1976 artean 50 apaiz inguru kartzelatu zituzten, Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakusteagatik. Apaiz horien istorioa kontatzen du 'Apaiz kartzela' dokumentalak.

'Apaiz kartzela' dokumentala.
'Apaiz kartzela' dokumentala. MALUTA FILMS
urtzi urkizu
2024ko urtarrilaren 4a
14:30
Entzun

Munduan apaizentzako kartzela bakarra izan zen Zamorakoa (Espainia). Francisco Franco diktadorearen garaia zen, eta 1968 eta 1976 bitartean hainbat apaiz euskaldun espetxeratu egin zituzten. Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Galiziako beste apaiz batzuk ere bai. Zamorako apaizen kartzelaren istorioa kontatzeaz gain, apaiz euskaldun haien lekukotza biltzen du Apaiz kartzela dokumentalak. Frankismoaren zapalkuntzaren aurka erantzun zuten abadeen borroka ekartzen du gogora, protagonisten kontakizunetik abiatuta. Tartean zen, esate baterako, Xabier Amuriza bertsolaria. Kataluniako TV3 kateak telebistako estreinaldia egingo du hilaren 9an, Sense ficció saioaren barruan, 23:20ean. Hartaz, euskarazko film hori lehenago ikusiko da Kataluniako kate publikoan ETBn baino, nahiz eta Euskal Telebistak emititzeko eskubideak badituen.

'Apaiz kartzela' dokumentalaren trailerra.

Dokumentala Apaizak AIEK eta Maluta Filmsek ekoitzi zuten, eta Azaroa Films eta Zabrieskieren ekoizpen elkartuaren babesa izan zuen. Zuzendariak Ritxi Lizartza, David Pallares eta Oier Aranzabal dira. Gidoia, berriz, Xabier Etxeberriak, Martin Etxeberriak, Miel Anjel Elustondok eta Jon Mikel Aldanondok sinatzen dute. Maialen Sarasuarena da edizio lana. Animazio bereziak ditu, bestalde, dokumentalak, eta horien egilea Kote Camacho da. Musika Joserra Senperenarena da.

Lizartza dokumentaleko zuzendari eta Maluta Filmseko ekoizleak poztasuna azaldu du dokumentala TV3en emango dutelako. Filma Kataluniako telebista publikoan ematea berezia dela aipatu du: «Euskal apaiz eta fraideekin batera, hainbat erlijio gizon katalan zigortu zituzten Zamorako apaiz kartzelara: Andreu Vila, Francesc Botey, Lluis Maria Xirinachs, Josep Maria Garrido eta Eduard Fornes. Beraz, justizia kontua zen guretzat dokumentala Kataluniako telebistan eskaintzea. Aurretik bide ederra egin zuen filmak Kataluniako zinema komertzialetan eta zirkuitu kulturalean, eta jendeak oso gustura hartu zuela ikusi genuen». Dena den, Zamorako kartzelan preso izan ziren 53 apaizetatik 45 Euskal Herrikoak izan ziren.

Apaiz kartzela dokumentala 2021eko apirilean estreinatu zuten Donostiako Giza Eskubideen Zinema Jaialdian. Ondoren, nazioarteko jaialdi ugaritan proiektatu zuten: Edinburgen (Eskozia), Caracasen, Napolin (Italia), Badajozen (Espainia) eta Gironan (Katalunia). Hain zuzen ere, Gironan, Cerdanya Film Festival jaialdian dokumental onenaren saria eta ikusleen memoria historikoaren saria irabazi zituen. Euskal Herriko areto komertzialetan ere egin zuen bidea dokumentalak.

'APAIZ KARTZELA'
'Apaiz kartzela' dokumentalaren irudi bat. Xabier Amuriza, erdian.

Zamorako apaiz kartzelari buruzko dokumentala hainbat plataformatan dago ikusgai. Besteak beste, doako Primeran plataforman. «TV3en beste euskal dokumental arrakastatsu batzuek hasitako bide emankorrari segida eman nahi diogu, ikusi baitugu Sense ficció programan eskaini dituzten Euskal Herriko hainbat dokumentalek harrera ezin hobea izan dutela». Edonola ere, Primeran-en ikusgai dagoenez, Lizartzak espero du laster Euskal Telebistan ere ikusi ahal izatea. Emankizun konbentzionalean, alegia.

TV3en lehenago

Ez da lehen aldia euskarazko dokumental bat Kataluniako kate publikoan ETBn baino lehenago ematen dutena. Hala gertatu zen, esate baterako, Non dago Mikel? dokumentalarekin. Baita Altsasu (gau hura) lanarekin ere. Katalunian tentuz aztertu zuten Altsasuko gazteen auzia. Gaiaz egin zen fikziozko telesailak ere harrera beroa izan zuen Katalunian. TV3 prest zen telesail horren bigarren zatia babesteko. Ez, ordea, Euskal Telebista, eta ez zuen jarraipenik izan. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean hala adierazi zuen 2021eko otsailean: «ETBk ez dio jarraipenik emango Altsasu telesaila bezalako edukiei, polarizazio politikoa eragiten dutelako».

Memoria historikoarekin lotutako dokumentalei dagokienez, askotariko ekoizleen aldetik izan da kexurik. BERRIAk 2023ko martxoaren 7an argitaratu zuenez, ikus-entzunezko zenbait ekoizlek diote ETBk ez dituela memoria historikoarekin eta euskal gatazkarekin lotutako lanak laguntzen edo ematen baldin eta Gogora institutuaren babesa ez badute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.