Ikus-entzunezkoak

Antzerkia Zorrotzaurren

'BIGARREN EKITALDIA' - RAMON BAREA
Ramon Barea Pabiloi 6ren sortzailea, 'Bigarren ekitaldia' dokumentalean. BITART
urtzi urkizu
Bilbo
2023ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

Hainbat zinema jaialditan bidea egin ostean, Ainhoa Urgoitiak eta Enrique Reyk zuzendutako Bigarren ekitaldia dokumentala Filmin ordainpeko plataforman ikusi ahalko da gaurtik aurrera. Bilboko Pabiloi 6 antzeztokiaren nondik norakoak azaltzen ditu lan horrek. Bitart New Media etxeak ekoitzi du dokumentala, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Pabiloi 6ren beraren eta Hiria arkitektura estudioaren laguntzarekin.

«Bilbo industriala talentuz betea». Filmeko une batean entzuten den kontzeptu horrek irudikatzen du Zorrotzaurreko Pabiloi 6 arte eszenikoetako gunea. Ainhoa Urgoitia dokumentaleko zuzendariak azaldu du Pabiloi 6 ez dela edonolako espazio bat: «Edukieran ezin da lehiatu beste batzuekin, txikia baita, baina izaera du, eta antzerkia bere esentziara itzularazi du. Izan ere, ikuslearekin gertutasuna areagotu egiten da bertan». Dokumentalean hitz egiten dutenetako batzuek aipatzen dute antzerkia «ukitu, usaindu eta sentitu» egiten dela Pabiloi 6n.

Hirietan industrialde abandonatuek izan dezaketen eraldatzeaz ere hitz egiten dute dokumentalean. Europako hainbat hiritan antzeko gune autogestionatuak badira, baina Euskal Herrian gutxi dira halakoak. Urgoitia dokumentalaren gidoilaria ere bada, eta harentzat kultur politika berriak behar dira: «Kultur politikak ezin dira soilik egon ekipamendu handietan oinarrituta. Kulturak adin, auzo eta poltsiko guztientzat eskuragarri behar du izan. Gainera, hiriak izaki bizi, dinamiko eta aldakorrak dira». Sortzaileak nabarmendu duenez, azken bi hamarkadetan hiri askotan hirigintza politika eta plan berriak egin dituzte, eta horietako askotan kultura da estrategia nagusia. «Espazio publikoak berriro programatzeak hiri bat hobetu dezake». Alde horretatik, zuzendariak uste du dokumentalak kultura nabarmentzen duela «nortasunaren sortzaile» gisa. «Baina baita dibertsitatearen aglutinatzaile eta katalizatzaile bezala, eta sareen eta parte hartzearen sustatzaile ere. Tokiko garapenaren estrategia integralean funtsezkoa da kultura».

Ficarq jaialdian saritua

Urgoitiak azaldu du Pabiloi 6ren moduko espazioek aberastasuna ematen diotela hiri bati. «Kultura tokiko garapenaren zeharkako ardatza izatea funtsezkoa da hiri batentzat». 

Dokumentaleko elkarrizketen artean, Ramon Barea antzerkigile eta Pabiloi 6 espazioaren sortzailearena nabarmendu behar da. Baita Irene Bau aktorea ere, Barearekin batera aritu baitzen Pabiloi 6 eraikitzen. 2011n sortu zuten antzeztokia, Zorrotzaurren. Lehen pausoak emateko, berrehun bazkide lortu zituzten; finantzaketa kolektibo moduko bat zen, eta bazkide bakoitzak butaka sinboliko bat erosi zuen 150 euroren truke. Antzerkia topaleku moduan zer garrantzitsua den erakusten du Bigarren ekitaldia dokumentalak. Horretarako, Pabiloi 6n antzerkia egin duten hainbat lagunen hitzak jaso dituzte. Proiektuak aurrera egin du, eta gaur egun sortzen duen aberastasuna aipatzen dute elkarrizketatuek. «Arima duen espazio bat» dela nabarmendu dute.

Filminera iritsi aurretik, dokumentala hainbat jaialditan proiektatu dute: Bilboko Zinebin, Madrilgo Zinema Jaialdian, Mexikoko Cinetekton zinema eta arkitektura jaialdian... Espainiako Ficarq Zinema eta Arkitektura Jaialdiaren hamargarren aldian, berriz, dokumental onenaren saria irabazi zuen iaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.