Komunikazioa

Antolamendu eredu berria, funtsezkoa

Berria telebistak antolatutako mahai inguruan, ETB1ek aurrekontu eta zuzendaritza propioak behar dituela nabarmendu dute Beñardo Kortaberria eta Kike Amonarriz gonbidatuek.

Ezker-eskuin, Beñardo Kortaberria, Urtzi Urkizu eta Kike Amonarriz, atzo, BERRIAren erredakzioan. JON URBE / ARP.
Donostia
2013ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Gobernutik eta botere politikotik autonomia izango duen Euskal Telebista publikoa eskatu zuten Kike Amonarrizek eta Beñardo Kortaberriak, Berria telebistak atzo egin zuen mahai inguruan. Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak gidatutako solasaldian, ETBren ereduaz eta etorkizunaz hitz egin zuten Mihiluze eta Teknopolis saioetako zuzendariek. Biek argi adierazi zuten zein den bultzatu beharreko eredua: publikoa, autonomoa, hurbila, euskarazkoa eta euskaltzalea, euskal herritarren zerbitzukoa, euskal kulturaren bultzatzailea, erakargarria eta sortzailea. «Nabarmenegia da ETBn dagoen alderdikeria; bereziki, informazio saioetan. Herritarrak ere jabetu dira. ETBren irudiari kalte handia egiten dio horrek», azaldu zuen Kortaberriak. «Lau urtetik behin, zuzendari jakin batek nahi duen telebista eredua sortzen da, herritarrek nahi dutena kontuan hartu gabe». Amonarrizen ustez, funtsezko eztabaida da bultzatu nahi den antolaketa eta kudeaketa eredua zehaztea. Gainera, nabarmendu zuen orain aukera ederra dagoela alderdi politikoak ados jartzeko. «Komunikazio politika, hizkuntza politika eta elkarbizitza politikoa nola eraman definitu eta akordio estrategikoak lor daitezke orain. Boterean dauden alderdi politikoek huts handia egingo lukete, gutxieneko adostasunik lortuko ez balute».

ETB1 eta ETB2 kateek aurrekontu eta zuzendaritza propioak izatearen garrantzia nabarmendu zuten gonbidatuek. Euskarazko katearen ibilbide orria zehaztu eta garatzeko, nahitaezkotzat jotzen dute euskarazko kateaz bakarrik arduratuko den pertsona bat izendatzea. «Kate asko batera eramatea operatiboki errentagarriagoa da, baina esperientziak erakutsi digu euskara beti galtzaile ateratzen dela», azaldu zuen Amonarrizek. Horrez gain, adierazi zuten aurrekontu propioak izatea dela euskarazko katea indartzeko nahikoa baliabide izateko modua.

Kateen dilema

Saioan, Juan Carlos Etxeberria ETBko kazetariaren eta Joseba Arruti Radio Euskadiko zuzendariaren iritziak ere jaso zituzten bideo bidez. Lehenak adierazi zuen ETBk indartu egin behar duela zerbitzu publikoaren marka. Halaber, bi kateko ereduaren alde egin zuen, «hobe baita bi ondo egitea lau erdipurdi baino». Gonbidatuek bat egin zuten ideia horrekin, kalitatezko lau kateri eusteko baliabiderik ez dagoelako. Amonarrizek hau gaineratu zuen: «Nafarroan ezin dute ETB3 ikusi; beraz, ezinbestekoa da ETB1en haurrentzako edukiak txertatzea, behintzat, auzi horri irtenbidea eman arte». Izan ere, ETBn marrazkiak bai, baina, haur eta nerabeen presentziarik ez dagoelako kexu agertu zen Mihiluze-ko zuzendaria. Arrutik, bestalde, ETBren jatorrizko izaera berreskuratu beharra aipatu zuen.

ETB1ek astindu bat behar du; horretaz ez dute zalantzarik gonbidatuek. ETB1ek daukan gabeziarik handiena programazioa da, Amonarrizentzat, hots, ematen den saio kopurua urria dela. «Arratsaldea hutsik dago». Azkenaldian, prime time-ko eskaintza zertxobait hobetu da, aurkezlearen ustetan. Kortaberriaren esanetan, ETB «tematuta» dago audientzia onak izango dituzten saioak egiten, baina bestelako irizpideak ere landu beharko lituzke. Amonarrizek, baina, gogorarazi zuen euskarazko saioek audientzia onik lortzen ez badute «seinale ikus-entzuleak ETB2ri begira daudela». Hala ere, «kualitatiboki onak» diren saio espezializatuen alde egin zuen. Unibertsitate, teknologia, zinema eta bestelako arloei lotutako saioak ekoiztea interesgarria litzateke. «Eta horiei ezin zaie audientzia eskatu, eragin soziala baizik».

Eginiko ibilbideari aitorpena

Euskararen normalizazio prozesuan ETB ardatz izan dela nabarmendu zuen aurkezleak; «hizkuntza politika eraginkor bat ezin da garatu hedabideak aintzat hartu gabe, eta, bereziki, euskarazko telebista bat gabe». Amonarrizen esanetan, euskalgintzan egindako bidea ezin da ulertu ETBrik gabe. Hala ere, uste du telebista publikoak gehiago egin dezakeela euskaren alde. Euskara hutsezko katea babes eremu omen zen hasieran, baina, 30 urteren ostean, «muga» bilakatu da. Hala ere, hizkuntza eta politikaren ikuspuntutik, ez dago ETB baino tresna indartsuagorik, gonbidatuen ustez. Horregatik, elkarlanari garrantzi berezia ematen diote. Euskal komunikabideen elkarlana ezinbestekotzat jotzen dute. «Bakoitza bere aldetik pikutara doa. Elkarren bozgoragailu lana egin behar dute euskal produktuek», adierazi zuen Amonarrizek. Jarrera aldaketa bat ere eskatu zuen: «Euskal munduak, batzuetan, ETBrekiko jarrera aldatu behar luke. Eskubidea da kritikatzea. Baina babesa eta bultzada ere behar dira».

ETBri buruzko mahai ingurua hemen ikusgai: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.