Komunikazioa

'Anitzele' gaur amaituko da

ETBk esan du etenaldi bat egin dutela; K2000 ekoizpen etxean, beste formatu batean ari dira lanean

Mikel Elizegi, Joana Lasheras, Xabier Euzkitze eta Mikel Antero, Anitzele-ko kideak. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
ETB1eko Anitzele saioa gaur gauean amaituko da, estreinatu eta hamabost hilabetera. Azkeneko gonbidatua Mikel Goñi pilotaria izango da. Anabel Arraizak, Nerea Rodriguezek eta Jon Balentziagak egingo dizkiote galderak (22:00).

ETBko eduki zuzendari Pello Sarasolak ontzat jo du saioa.«Atseden hartuko du, eta baliteke bueltatzea», adierazi du. Baina K2000 ekoizpen etxeko taldeak amaitutzat jotzen du saioaren ibilbidea. «Beste programa batzuen alde egin nahi zutela esan ziguten», adierazi du Cecilio Torres Anitzele saioko zuzendari eta ekoizle eragileak. «Proiektuak bukatzen direla esaten dizutenean beti berri tristea da; hala ere, normaltzat jotzen dugu. Egungo telebistan 48 atal egitea ez da gauza makala».

Torresek dio saioa «berezia eta atsegina» izan dela: «Batez ere, gizartearen aldetik arlo guztietan Euskal Herrian zer aberatsak, zabalak eta desberdinak garen erakutsi ahal izan dugulako». Lantaldeak, ordea, pena du, gonbidatuen zerrendan zituzten hainbat pertsona ezin izan dituztelako elkarrizketatu: Kirmen Uribe, Juan Jose Ibarretxe, Carlos Garaikoetxea, Eneko Llanos, Jesus Egiguren, Ruper Ordorika, Xala, Iñaki Antiguedad...

Elkarrizketa saio berri bat

Cecilio Torresek aurreratu duenez, K2000 ekoizpen etxean beste elkarrizketa formatu bat lantzen ari dira: «Beste proiektu bat agindu digute. Baina kasu horretan elkarrizketak platotik kanpo egingo ditu Xabier Euzkitzek, gonbidatu bakoitzaren giroan grabatutakoak. Saio berri horretan buru-belarri gabiltza orain». Saio berriak ez du oraindik izenik, baina laster izango du behin betiko forma. Anitzele saioko lantaldean aritutako zenbait profesional programa berri horretan ariko dira. «Ea programa berri hori ere Anitzele-ren jarraitzaileen gustukoa den», gaineratu du Torresek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.