Ane Urkiri Ansola kazetari mutrikuarra izango da aurrerantzean Naiz agerkari digitaleko zuzendaria, Iñaki Altunari erreleboa hartuta. Hedabide horretako Kirolak saileko arduraduna izan da orain arte Urkiri, eta, aurkezpen bideo batean adierazi duenez, «garai nahasi hauetan argia jarriko duen kazetaritza eredua» jorratzea du xede, «eskala humanora» ekarrita eta «begirada feminista»: «Beste askok nik baino lehenago landutako bideari jarraipena emango diot».
Duela 12 urte sortu zen Naiz, Gara egunkariaren agerkari digital gisa, eta denbora horretan Iñaki Altuna izan du zuzendari. Ibilbide luzeko kazetaria da Altuna, lehenago Egin egunkarian aritutakoa. Haren ordez agerkariaren gidaritzan kazetari gazte bat jarrita, proiektuari beste bultzada bat eman nahi diote horren arduradunek.
Naiz-en Bilboko egoitza berriaren inaugurazioa baliatu dute izendapenaren berri emateko. Aurrerantzean, Bilboko Arriaga plazan egongo da hedabide digitalaren erredakzioa. Naiz Irratiak ere estudioa izango du bertan.