Andre kazetari batzuen ausardia

Filminek Maria Ressa kazetariari buruzko lan bat estreinatuko du gaur. Ikusgai dago Indiako andre kazetari batzuei buruzko bat ere

Maria Ressa Bakearen Nobel sariduna, A Thousand Cuts dokumentalaren fotograma batean. FILMIN.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Kazetari emakumezko batzuen ausardia eta trebezia jasotzen duten bi dokumental daude ikusgai Filmin ordainpeko plataforman: gaur estreinatu dute Maria Ressa Filipinetako kazetariaren inguruko A Thousand cCts lana —zuzendaria Ramona S. Diaz da—. Eta berriki jarri dute katalogoan Writing with Fire, Indiako dalit kastako emakume batzuek sortutako Khabar Lahariya egunkariari buruzko dokumentala—zuzendariak Rintu Thomas eta Sushmith Ghosh dira—.

Ressari buruzko dokumentalak desinformazioa, prentsa askatasuna eta autoritarismoa ditu gai nagusitzat. 2020. urtean estreinatu zuten Sundanceko jaialdiko Sail Ofizialean, eta, ondotik, beste jaialdi batzuetan parte hartu du. Lanik onenaren saria lortu zuen DocEdge jaialdian (Zeelanda Berria). Interes handiagoa piztu du azkeneko hilabeteetan, Ressak 2021eko Bakearen Nobel saria jaso ostean —Errusiako Dmitry Muratov kazetariarekin batera eman zioten Nobel saria—.

Ressak jatorri filipinar-estatubatuarra du. Rappler hedabidearen sortzaileetako bat da. Aurrez, CNN katerako berriemaile lanak ere egin ditu Asia hego-ekialdean. 2019an, atxilotu egin zuten Filipinetan, herrialdeko ziberkrimenaren aurkako legea aplikatuta, eta haren eta Rappler komunikabidearen aurkako hainbat auzi daude irekita. Atxiloketa hura prentsa askatasunaren aurkakotzat jo zuten nazioarteko hainbat erakundek, argudiatuta herrialdeko presidente Rodrigo Duterteren jardunaz eginiko kritiken ondorio zela; batez ere, «drogen aurkako gerraren» inguruan argitaratutakoengatik.

2017an, Ramona S. Diaz dokumentalgileak Patricia Evangelista Rappler hedabideko kazetaria ezagutu zuen, eta Filipinetara joan zenean prentsa askatasunaren eta desinformazioaren inguruko gaiekin egin zuen topo. Filipinetako Gobernuak Ressak zuzendutako hedabidea nola mehatxatzen zuen ikusi zuen. Baina hara non 2004an Diazek Imelda Marcosi buruzko dokumental bat egin zuen, eta Marcosek auzitara eraman zuen; Manilan, Ressak CNNrako elkarrizketa bat egiteko eskaera egin zion Diazi, baina ezezkoa eman zion, «epaitegiko auziarekin nekatuta» zegoelakoan. Hamalau urte geroago, dokumentalgilea Ressaren bulegora joan zen, bi urte osoz kamerarekin haren jarduna jarraitu zezakeen eskatzeko.

Diazek nabarmendu du «eromena» izan zela Filipinetako hauteskunde giroan grabaketak egitea. Baina, aldi berean, azpimarratu du Ressa «pertsonaia perfektua» dela prentsa askatasunarekin lotutako gaiak jorratzeko. «Botila batean tximista bat harrapatzea bezala izan da».

Filmeko protagonistak hamar espetxe zigor jaso ditu, eta 2016. urtetik Filipinetako Gobernuaren kanpaina erasokorra ari da jasaten. Hala dio Ressak berak: «Botereari egiarekin egiten diot aurre, hori baita munduak behar duena».

Suarekin idaztea, Indian

Ressak dokumentalean zera aitortzen du: «Kazetari izatea gero eta arriskutsuagoa baldin bada, garrantzitsuagoa da egiten duguna». Nazioartean oihartzun handia piztu du Ressaren lanak, eta badira munduko beste herrialde batzuetan baldintza oso zailetan lan egiten duten beste kazetari emakumezko batzuk; Indiako Khabar Lahariya egunkariko berriemailea, kasurako. Writing with fire (Suarekin idazten) filmean egunkari horretako kazetarien lana ageri da. Dalit kastako —apalena— emakume batzuek sortu zuten hedabidea, eta digitalerako jauzia nola ematen duten ageri da. Bortxaketen inguruan nola ikertzen duten, emakumeen aurkako erasoak nola lantzen dituzten, ustelkeriari eta testuinguru politikoari zer enfoke ematen dioten kontatzen dute. Meera Devi da egunkariaren arduradunetako bat, eta dokumentalean kazetaritzaren indarrari buruzko hausnarketa mamitsuak plazaratzen ditu. 2002an sortu zuten egunkaria Uttar Pradesh eskualdean, mehatxuen artean. Hogei urte geroago, milioika bisita ditu hedabidearen Youtubeko kanalak.

Dokumentalak arreta piztu du herrialde askotan: jaialdietan 23 sari eta hamabost izendapen jaso ditu —tartean Sundanceko epaimahaiaren sari berezia, iaz—. The Washington Post-ek hala argiratatu zuen: «Historian kazetaritzari buruz egin den filmik inspiratzaileena da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.