Andoni Aldekoa: «Zuzendari batek C1a ez izateak ez du esan nahi euskarari garrantzirik ematen ez diogunik»

EH Bilduk eskatuta, Eusko Legebiltzarreko EITBko Kontrol Batzordean agerraldia egin behar zuten EITBren Social Media eta 'eitb.eus'-eko zuzendariak eta EITBko Giza Baliabideen zuzendariak, baina ez dira azaldu. Soilik EITBko zuzendari nagusia mintzatu da.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiaren agerraldia, gaur, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiaren agerraldia, gaur, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko martxoaren 26a
15:40
Entzun 00:00:0000:00:00

«Zuzendaritza taldean soilik hiru pertsona daude euskaraz oso ondo hitz egin ezin dutenak, baina ulertzen dute. Horretan ari gara». Hala esan du gaur EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak, Eusko Legebiltzarreko EITBko Kontrol Batzordean. Euskaraz ez dakien horietako bat Nagore de los Rios EITBren Social Media eta eitb.eus webguneko zuzendaria da, eta legebiltzarrean agerraldia egiteko eskaera egin zion EH Bildu koalizioak. Baina ez dira batzordera azaldu ez De los Rios, ezta EITBko Giza Baliabideen zuzendari Izarne Arrigain ere. EH Bilduko Garikoitz Mujikak azken horri galdetu nahi zion De los Riosen hautaketa prozesuaz, baina Aldekoak soilik eman ditu EITBren inguruko argibideak. «Zuzendari batek C1a ez izateak ez du esan nahi euskarari garrantzirik ematen ez diogunik», adierazi du EITBko zuzendari nagusiak.

De los Rios eta Arrigain Eusko Legebiltzarrera joan ez izana salatu du EH Bilduk: «Horri buruzko txosten juridikoa eskatuko diegu legebiltzarreko legelariei, oso larria delako obligazio horri muzin egitea; agerian uzten du zein den gobernu honen gobernantza eredua eta nola ulertzen duen gardentasuna».

LAB sindikatuak otsailean salatu zuen EITBk manipulatu egin zituela lan eskaintzaren oinarriak. Sindikatuak erakutsi zuen EITBk aldaketa bat egin zuela EITBren Social Media eta eitb.eus webguneko zuzendariaren lan eskaintzaren oinarrietan, urtarril hasierako eskaintza eta urtarril bukaerakoa desberdinak baitziren: urtarril hasieran euskarazko C1 maila izatea zen lehendabiziko baldintza, eta hurrengo oinarrietan ez zen halako betekizunik eskatzen. Aldekoak auzi horren inguruan hitz egin du gaur: «Zuzendari nagusi gisa konbentzituta nengoen kanpo prozedura bat behar zela zuzendari hori hautatzeko. Enpresa bat aritu zen horretan. Gero, elkarrizketa prozesu bat egin zen. Eta, amaitzeko, nik egin nuen behin betiko hautaketa. Baina ez dugu C1a eskatu, ez lanpostuaren lehen prozesuan, ez gero. LinkedIn eta InfoJobs atarietan argitaratu ziren oinarriak». Horietan zera eskatzen zuten: euskara, gaztelania eta ingelesa jakitea, bestelako eskakizunik gabe. «EITBren webgunean C1 eskakizuna agertu zen hasieran, baina akats bat izan zen. Pertsona baten akatsa. Enpresaren prozesuan ez zen horrelakorik eskatzen, ordea».

Garikoitz Mujika EH Bilduko legebiltzarkideak gogoratu du EITBko erredakzio kontseiluek, Euskara Batzordeak eta langile batzorde guztiek aho batez auzitan jarri zutela izendapen bat —De los Riosena—. Aldekoaren erantzuna jaso ostean, Mujikak adierazi du hiru hilabete geroago erantzuna emateak ez duela gardentasunik erakusten. Erantzun hori lehenago eman ez izana kritikatu du. 

EITBko zuzendari nagusiak De los Riosen ibilbide profesionalaren berri eman du, eta haren izendapena defendatu: «Ikuspegi praktikotik eta kudeaketa aldetik, batzuetan C1a eskatzea oso zorrotza da, eta mugatua hedabide digitalen arduradunak izendatzerakoan. C1 maila eskatzea euskara erabiltzeko mesedegarria izan daiteke EITB barruan. Baina oztopo ere izan daiteke. Langileek euskararen ezagutza osoa izan behar dute, bai, baina postu batzuetan komenigarria da, ez ezinbestekoa». Aldekoak adierazi du bera izan zela De los Rios izendatzearen arduradun nagusia. «Hobe litzateke euskara menderatuko balu, ez dut ukatzen. Baina ez menderatzeak ez dio galarazten bere lana egitea. Euskara hobetzen ari da. Konpromisoa hartu du». Horren inguruan hitz egin du EAJko legebiltzarkide Garikoitz Mendizabalek ere: «Puntuaziorik onena lortu zuen profesionala izendatu zuten EITBren Social Media eta webguneko zuzendari. Prozesua garbi eta berme guztiekin egin da. Pertsona horrek euskara hobetzeko borondatea erakutsi du, eta nabari zaio».

PPko legebiltzarkide Ana Moralesek zera esan du: «De los Rios PSEren kuota da». PSE-EEko Pau Blasik adierazi du De los Rios ez dela inoiz alderdi horren nominan egon. 

EAJren ponentzia

Kontrol batzordeko agerraldian, EH Bilduko Mujikak beste eztabaidagai bat jarri du mahai gainean; hain zuzen ere, EAJk bere ponentzia politikoan hau jasotzen zuela: «Erakunde publikoak gizartearen aniztasuna islatzen duela bermatu behar du EAJk, tresna politiko bihurtu gabe, baina, era berean, alderdiaren bidezko interesetatik bereizi gabe». Horren inguruan hilabeteotan egon den «isiltasuna» salatu du Mujikak.

Garikoitz Mujika EH Bilduko legebiltzarkidea EITBren kontrol batzordean hizketan
Garikoitz Mujika EH Bilduko legebiltzarkidea, gaur, EITBren kontrol batzordean hizketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Aldekoak defendatu du EITBren betebeharra «aniztasunaren ispilu» izatea dela. «Alderdien nahitik abstraitu behar dut, talde publikoa zorrotz kudeatzeko. Aniztasuna, zorroztasuna eta seriotasuna dira nire asmoak». Azaldu duenez, ez du EAJren ponentzia hori irakurri.

Vox alderdiko Amaia Martinezek salatu du EITB ez dela independentea: «EITB Sabin Etxeak gidatu du beti». PPko Moralesek zera gogoratu du: Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusi izan zela, eta, gero, EAJren gidari bihurtu. «Eta ikusle datu txikiak horrekin lotuak daude», esan du Moralesek. «Egun EITBn pentsamendu bakarra dago, eta kezkagarria da oso». PSE-EEko Blasiren iritziz, EITBk «balio etiko eta demokratikoak» indartu behar ditu. EH Bilduko Mujikak, berriz, honako kritika hau egin du: «EITB eraikuntza nazionalean baino gehiago, deseraikuntzarako bidean ari da, salatzeko modu batez. EITB, talde publikoa izanik ere, alderdi baten nahikerien tresna den irudipena dago gizartean».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.