benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Zurrunbiloa

2025eko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Plazera alde batera utzi eta desioa gailendu den gizartean bizi gara. Esaldi hori entzun diot José Carlos Ruiz filosofoari, hark eskainitako elkarrizketa batean. Berritasunaren desioak mugitzen gaitu gaur egun, edozeren aurretik. Eta izen bat eman dio horri: neofilia, berritasunarekiko maitasuna.

Bhutan herrialdearen kasua ere aipatu du ia bi orduko podcastean. Gipuzkoako populazio bera duen asiar herrialde budista hau, bere garaian, zoriontasunaren paradigma izan zen. Ez dugu herrialde hori idealizatuko. Baina gogoratu behar dugu, barne produktu gordina neurtzeaz gain, Zoriontasun Nazional Gordina izeneko indizea asmatu zela bertan duela 50 urte.

Garai baten, bertako herritarren begietatik, hango gizon eta emakumeak ederrak ziren. Eta horrela ikusten zuten haien burua, 1999. urtean telebista eta Internet iritsi ziren arte. Horiekin batera heldu ziren edertasunaren kanpoko erreferenteak eta filtroz betetako aurpegi irrealak. Bertako herritarrak beren buruak itsusi ikusten hasi ziren. Horren inguruko tesiak ere idatzi direla aipatu du filosofoak.

Erritualez ere hitz egin du. Eta bota du bere iritzia: edozein talde edo komunitateri ziurtasuna eskaintzen dioten erritualak baztertzen ari gara. Identitatea eraikitzen den garai goiztiarretan adibidez, familiak, lagunek, auzoak, herriak laguntzen gaituzte identitate hori sortzen. Gaur egun, egongela berean egon gaitezke fisikoki familian. Baina esku artean ditugun pantailetako kanpoko erreferenteak dira norberaren identitate hori moldatzen hasiko direnak.

Gatozen gurera. Azken aste honetan argitaratu du Elhuyar fundazioakZurrunbiloa izeneko proiektua. Datu gordinak plazaratu dituzte: euskal gazteen artean, bostetik batek osasun mentaleko asaldura bat du diagnostikatua. Antsiolitikoen kontsumoa sei aldiz handitu da azken urteotan, batez ere neskatoen artean.

Burura datozkit Pi L.T. taldearenZurrunbiloa abestiaren hitzak: «Guk bagenekien non igeri egin, guk bagenekien nora ez hurreratu. Ez dakit nor naizen, ez dakit nor naizen, ahaztu dut, ahaztu dut. Luzaro ari naiz zurrunbiloan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.