benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Zure ahotsa

2024ko azaroaren 16a
05:00
Entzun

Bizitzan zehar ez duzu izango merezi duzun ahotsa, Ada. Zu hil ostean, mende bat igaro beharko da errekonozimendu hori ikusten hasteko. 1815. urtean jaio zara Augusta Ada Byron izenarekin. Zure ama Ana Isabella Noel da, matematikari, poeta eta aktibista; aita Lord Byron poeta duzu. Bi hilabete dituzula gurasoak bananduko zaizkizu, aitak ez du zure zaintza eskatuko eta amarekin hazi eta heziko zara.

Amak matematikarekiko pasioa transmitituko dizu gaztetatik, eta zure garaian zoroak diruditen ideiak garatuko dituzu: makinak konputazio hutsetik harago erabili ahal izatearen aukera aztertuko duzu, adibidez, musika sortzeko ere balia daitezkeela iradokiz. 20 urte dituzula Ada Lovelace izena hartuko duzu. Handik mende batera onartuko dute historiako lehen programatzailea izan zarela.

Aintzat hartzen hasiko zaizkizun garai bertsuan, 1956. urtean, adimen artifiziala terminoa lehen aldiz zabalduko dute Alan Turing, Marvin Minsky, Allen Newell, eta Herbert A. Simonek. Dartmouth konferentzian izango da hori, eta adimen artifizialaren inguruko ikerketa eta garapenari hasiera emango zaio.

1956. urte hartan bertan, ezagutuko ez duzun Burt Reynolds aktoreak hogei urte bete eta bere lehen paper protagonistagatik saria jasoko du. Ehun pelikulatan baino gehiagotan entzun ahal izango zaio ahotsa hainbat pertsonaiaren azalean.

2018an sortuko da Ada Lovelace Institute, AAk gizartearentzat funtzionatzen duela ziurtatzeko misioa duen ikerketa zentro independentea.

Iritsiko da 2024. urtea, eta Elevenlabs enpresak Iconic Voices izeneko funtzio berria aurkeztuko du. Ezagutuko ez dituzun Hollywoodeko izarren ahotsak klonatuko ditu enpresak: Judy Garland, James Dean, Laurence Olivier eta gure lagun Burt Reynoldsenak besteak beste. Horri esker, aktore horien ahots sintetikoa gai izango da edozein testu edonorentzat ahoskatzeko. Hildako aktoreek ez dute haien ahotsak erabiltzeko baimenik emango, haien oinordekoek egingo dute hori.

Eta agian Ada, egunen baten, gure oinordeko batek jasoko du telefono konpainia baten dei bat. Eta telefonoaren beste aldekoak xuxurlatuko dio belarrira ea interesatzen zaion zuntz optikoa, futbol liga eta bi lineadun eskaintza paregabea, gure ahotsa baliatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.