Lide Hernando.
'Ekografiak'

Zuloa luzatu

2024ko urriaren 15a
05:00
Entzun

Zientzia fikzioaz ari bagara, espazioan eraikitako zulo bat nahi adina luzatu daiteke. Kilometroak har ditzake, bere sortzaileak nahi bezainbeste; izan ere, zientzia fikzioak ematen dizkigun oparietako bat errealitatean ditugun muga zehatz horiek justifikatu beharrik ez izatea da. Edo bai?

El Hoyo filmak bigarren zatia estreinatu du jada Netflixen, eta bertako protagonista absolutua den zulo horrek —ez baitezagun ahaztu protagonista bakarra bera dela— luzeran eta etereotasunean irabazi duen arren, ez nago oso ziur filmak istorioaren aldetik irabazi duen. Bai, Hovik eta Milena Smit jarri dituzte protagonista eta, bai, gure Zorion Egileor handiak ere zuloan harrapatuta jarraitzen du; eta badakigu aktore horiek normalean lan polita egiten dutela pantailan. Baina kontatu nahi dena ulertzen ez denean, ez dago munduko aktorerik onenak ere egin dezakeen lanik. Eta hori da, hain zuzen, nire ustez El Hoyo 2 filmak falta duena: ulergarritasuna.

Niri, pertsonalki, dezente gustatu zitzaidan lehen zatia. Tankera honetako fenomenoek izan ohi duten neurriz kanpoko miresmenik gabe, baina entretenigarria eta, niretzako garrantzitsuena, zer kontatua zuen filma iruditu zitzaidan. Bazuen filosofia, batzuen kritika soziala, eta bazuen ondo eramandako akzioa. Bigarren honetan, ordea, azken hau bai, baina beste guztia, hausnarketari dagokiona, akzioak jan egin duela uste dut. Eta hau esaterakoan ez dakit oso zuzen nabilen, ez baitut bertan egon den inorekin kontrastatu; baina esango nuke istorioaren pisuak indarra galtzearen erantzukizun handiena muntaketak izan duela.

Gertatu izan dira horrelakoak lehenago ere. Gogoan dut, Suicide Squad filmak izan zituen kritika txarren aurrean, guztia Warnerrek muntaketa egiterakoan kakaztu zuela esan zutela. Filmak, berez, bazuela trama koherente bat, baina muntaketaren estiloak akzioa eta su artifizialak gailendu nahi izatean, filma trailer luze batean gelditu zela. Distantziak alde, El Hoyo-ri askoz ere kariño handiagoa baitiot, esango nuke hau ere antzeko akatsetan erori dela bigarrenean. Agian asmoa ikuslea bera zuloan harrapatuta dauden pertsonaiak bezain galduta egotea zen; edo agian, nire usteen kontra, lehena famatu egin zuena bertako odol saldoa izan zen, eta ez kritika soziala. Auskalo!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.