gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Zulo beltza

2024ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun

Western generoko elementu ohikoenak eta X-Files,Dark edota Fringe bezalako telesailen esentzia koktel-ontzi batean sartuko bagenitu, Outer Range-en tankerako zerbait aterako litzateke bertatik. Emaitza nahiko zoroa, baina uste nuen baino askoz ere entretenigarriagoa eta sendoagoa da. Telesail bitxi horren bigarren denboraldia berriki estreinatu da; euskarazko azpidatziekin ikusteko aukera dago, gainera.

Tira, argumentua azaltzen saiatuko naiz, irakurtzen duzunean inozokeria zentzugabea irudituko zaizun arren: Royal Abbott (Josh Brolin) da protagonistetako bat, bere abereak mantentzeko eta Abbottarren familiarteko harremanak ez apurtzeko borrokan ari den Wyomingeko rantxeroa. Tillerson familiarekin duten harreman korapilatsuak guztia zailduko du. Horraino telesail nahiko ohikoa dirudi; familien artean sortzen diren gatazkak jorratzeko orduan narratiba oso tradizionala erabiltzen du. Dirudi esan dut, tartean zientzia fikziozko elementuak sartzen diren arte. Royal Abbottek bat-batean bere lurretan zulo erraldoi misteriotsu bat aurkituko du, ezerezetik agertu da, eta espazio eta denbora atari moduko bat dirudi.  Premisa zoro horretatik abiatuz nortasun handiko telesaila sortu dutela iruditzen zait, hasieratik «fededun» bihurtu behar duzun horietakoa. Ez zaitez saiatu zerbait errealista eta koherentea topatzen, besarkatu kontatzen ari diren hori, murgildu istorioan eta kito. «Zentzugabekeria» horretan bi aldiz pentsatu gabe sartzen bazara, gozatuko duzu. Konbentzionalagoa den azpi-tramak ez du hain ongi funtzionatzen; istorioa eroago bihurtzen den heinean, aldiz, orduan eta hobea iruditzen zait. Aurretik sumatu ezin diren gertaeraz betea dago: serie bitxia da, baina katigatzen duten horietakoa. Bisualki ere oso nabarmena da, nahiz eta batzuetan ilunegia iruditu zaidan —zenbaitetan zaila da aurpegiak gaueko itzalen artean bereiztea—.

Istorioak errealitate konplexu eta bizarro samarra erakusten duen arren —ikusle jakin batzuentzat digeritzeko zaila izan daitekeena—, transmititzen dituen sentsazio eta emozioak unibertsalak dira; bakardadeaz, maitasunaz eta beldurraz dihardu, besteak beste. Baliteke zeure gustuko telesaila ez izatea, baina ausarta eta nahiko berritzailea dela ezin da ukatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.