Iazko udan bezala, aurtengoan ere izan dugu etxean igaro beharreko egun goibel horietarako salbaziorik: The Bear telesailak ekainean estreinatu zuen hirugarren denboraldia. Sekulako gosea sortzen duten kozinatze eszena zoragarriez eta zenbait elkarrizketa sakonez gozatzeko aukera eman digu Jeremy Allen White protagonista duen telesailak berriro ere.
Ezagutzen ez duenarentzat, The Bear jatetxe baten testuinguruan oinarritzen den istorio bat da, non sukaldari gazte batek bere familiaren taberna berriro hartzen duen, haizeberritzeko asmoz. Lehen denboraldian ogitarteko bereziak prestatzen zituzten; bigarrenerako, aldiz, Carmen izeneko sukaldariak asmoa aldatu, eta luxuzko jatetxe bilakatzea erabaki zuen. Hirugarren denboraldiak Michelin izarra eskuratzeko helburua duen jatetxe horren gorabeherekin jarraitzen du. Esan gabe doa aktore guztiek maila gorenean jarraitzen dutela: elkarrizketek benetakoak dirudite, eta istorioaren alor komikoa oso ongi landua dago; sotila da, inteligentea eta, behar denean, oso barregarria.
Hori guztia esanda ere, kontua da —eta badakit hau agian ez dela oso iritzi eskertua izango— bigarren denboraldiarekiko horren kontinuista izateak ni apur bat aspertu egin nauela. Kontziente naiz, bere traman agertzen den The Bear jatetxeak fast food-etik slow food-erako bidea egin duen bezala, telesailak berak ere nahiago izan duela bere gertakariak poliki kontatu, behar denean geldiunea egin, unea dastatu, eta pertsonaia guztiek merezi duten azpi-trama izan dezaten ahalbidetu. Eta egungo gizartean daramagun itzelezko abiadura moteltzen laguntzen duen edozer gauza existitzea, telesail bat bada ere, jakina, balioa emateko moduko zerbait ere bada. Baina, benetan merezi duten elkarrizketa batzuk badaude ere —Carmenen arrebak bere amarekin ospitalean duen atal oso bateko elkarrizketa, adibidez, bikaina da—, azken atala ikusi ostean sentsazio hau gelditu zitzaidan: zer gertatu da denboraldi honetan?
Eta egia da gauza askorik ere ez dela gertatu. Azken atal horietan gertatutakoa laburbiltzen saiatuko banintz, ez nuke jakingo zer kontatu. Zubi tankerako denboraldia izan da, eta hurrengoaren zain gelditu beharrak etsipen sentsazioa eman dit. Itxaron beharko.