Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Zorixonak

2025eko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Juan Mari Torrealdaik Euskararen Liburu Beltza-n jasotzen zuen bezala, Informazio eta Turismo Ministerioak Loiolako Herri Irratian euskaraz emateko baimendutako irratsaio gutxien artean ez zeuden publizitate-iragarkiak eta eskainitako diskoak, apostolutzaren tresnak ez ziren aitzakiarekin. Hala ere, arrakasta handiko saioak ziren azken horiek, eta entzuleen eta irratiaren arteko harreman zuzena eraikitzen zuten. Nire belaunaldiko (eta aitzineko) askok gogoratuko dute azkar osa gintezen senideek eskainitako abestiak gaixorik geundenean.

Iraganeko kontu zaharrak badirudite ere, egungo dialean Zorionagurrak topatu dut Bizkaia Irratian. Tonu alaikoa, Begoñatik emandako Mezea-ren ondoren —Bilboko Gotzaingoaren irratia da— eta gaurkotasuneko magazinaren aurretik. Entzuleen eta Beñat Igarza esatariaren lagunarteko elkarrizketa, non solaskideen konplizitatea agerian geratzen den. Senide edo lagun batentzat abesti bat eskaintzea baino harago doan formula: erosketak egitera joan aurretik pertsona batek egiten duen deia, gaur hobeto dagoela azaltzen duenarena, edo, besterik gabe, berbaldi atsegina bilatzen duenarena. Egunero entzuten badugu, aurpegirik ez baina ahotsa duten pertsona horiek gure etxekoak balira bezala sentitzera hel gaitezke, eta pozten gara egun batzuk kili-kolo ibili den horren hobekuntza ezagutu edo bestearen bilobaren urteak direla entzuten dugunean... Zuzeneko irratiaren xarma hori!

Bizkaia Irratiak badu betiko irratiaren lilura berezia. Aldi berean, ez dio muzin egiten gaurkotasunari, ezta irrati-tendentzia berriei ere. Goiz-goizean, ingurukoetan bezala, zerbitzu-informazioa ematen du, eta tertulia bat ere badu, baina, gainerakoetan ez bezala, gazteenak ere kontuan hartzen ditu, eta Dona dona eskaintzen die, betiere etxetik entzuten dutenen parte hartzea sustatuta. Azpimarratu nahiko nituzke irrati hau berezi egiten duten bi ezaugarri: aipaturiko tonu alaia, ohikoago bihurtzen ari den haserrearen aurrean, eta bizkaieraren doinuera.

Amaitzeko, goraipatu nahi dut Bizkaia Irratiaren sintonia, entzuten ez dutela esan arren gazte bizkaitar askok ezagutzen dutena, etxeko doinua baita. Denboran egokituta, programazioan zehar estilo ezberdinekin tartekatzen da, belarrietan itsatsita geratu arte, eta horrekin egunari aurre egiteko energia ematen du. Eta, daitort, penatuta nago artikulu hau bizkaieraz idazteko gai ez naizelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.