Berrogei urtez uhinak astintzen daramate Zintzilik eta Txapa irratiek. Aurreko hamarkadaren hasieran lehenengo urratsak egin zituen Euskal Herriko Irrati Askeen Mugimendua sendotzen ari zen, eta aurreko urteetan sorturiko hedabideei gehitu zitzaizkien, besteak beste, Santutxuko Iluna, Elgoibarko Zazpiki, Barakaldoko Zirika edo Gernikako Betekada. Berrehun baino irrati gehiago izan ziren Euskal Herrian zehar 1980ko hamarkadan sortu zirenak, eta horietako asko bidean geratu ziren arren, ezin zalantzan jarri euskal esparru komunikatiboan jokatu zuten papera eta izan zuten eragina. Eta ez soilik, txori batek gogorarazi zidanez, batzuek (emakume gutxik, esan behar da) estudio horietan kazetari gisa lehenengo pausoak eman edo gauza frikiak egin genituelako, baizik hizkuntza, kontakizun eta kultura zein musika berriak ere sortzen eta hedatzen lagundu zutelako. Beraz, artikulu hau gaur egunera heldu ez direnen aitortza ere izan dadila.
Berrogei kandelei putz egitea lortu dutenek badute zer ospatu. Errenteriako Zintzilik irratiak umorezko bakarrizketa-saio bat antolatu du azaroaren 1ean, Txikiren eta Jon Plazaolaren eskutik. Pentsatu nahi dut ez dutela lortu euskal emakume umorista baten agendarekin emanaldirik adostea…. Konpentsatzeko edo, La Basu raperoak emango du denboraldiaren hasierako kontzertua, oraindik zehaztu gabe dagoen beste talde batekin batera. Baina ez dira horiek aurreikusitako ospakizun bakarrak. Hori guztia antolatzeko eta irratsaioak egiten jarraitu ahal izateko, finantzaketa behar dutela eta, Zintzilagun bazkide-kanpaina abiatu dute. Irratian paper aktiboa izan nahi dutenei ere mikroak ireki dizkiete eta saio bat egin nahi dutenei dei egiten diete proposamenak helarazteko. Horien zain, dagoeneko ikasturte berriari ekin diote Desfase Lunar, WKD Kosmik edo «Orereta eta Oarsoaldeko LGTBI+ memoria kolektiboan barrena bidaiatzen duen» Kuir Artxibo Bizia saioek.
Euskal irratigintzaren historian Bergarako Txaparen sorrera urtebete beranduago jartzeko akatsa egin nuen arren, honek ere lau hamarkada betetzen ditu aurten. Programazio berriaren aurkezpena lerro hauek argitaratzen direnerako iragarri arren, dagoeneko Kolax, Beste Gu eta Haus of Beats, besteak beste, itzuli dira, baita beste artikulu batean nabarmendu nituen Belaunaldi arteko elkarrizketak ere.
Zorionak bioi, eta gogorapen berezia, akaso jolas moduan eta egiten ari zirenaz ohartu gabe, komunikazio-bide alternatiboak irekitzea lortu zuten gaur gazte ez diren haiei.