gaizka izagirre
'Ekografiak'

Zodiakoaren hiltzailea

2024ko azaroaren 8a
05:00
Entzun

Hogeita hamar urte bete berri zituen gazte batek thriller kriminalaren generoa goitik behera irauli zuen 1995.urtean; David Fincher zuzendariaz ari naiz eta estreinatu zuen filma Seven izan zen. Izenburu horretatik aurrera, serieko hiltzaileekiko eta trama poliziakoekiko zuen interesa oso nabarmenak zirela frogatu zuen.

Urte batzuk geroago, 2007. urtean, Robert Graysmith idazlearen liburuan oinarritua dagoen Zodiac maisulana zuzendu zuen; ziurrenik, bere filmografiatik gehien miresten dudan pelikula da. Jake Gyllenhaal, Robert Downey Jr. eta Mark Ruffalo dira aktore nagusiak, eta San Frantziskon 1966tik 1978ra bitarte gertatutako hilketa batzuetan oinarrituta dago: Zodiakoaren hiltzailearen kasua aztertzen du. Ekintza horiek egiten zituenean, gainera, komunikabideei hainbat pista zituzten eskutitzak helarazten zizkien.

Zodiac thrillerraren mugak gainditzen dituen film gutxietsia iruditzen zait. Garai konkretu batean zegoen ezjakintasunari eta ziurgabetasunari buruzko metafora moduko bat da. Filma ikusi nuenetik, asko erakartzen nau kasuak, eta gaiari loturiko hainbat liburu irakurri eta zenbait dokumental ikusi ditut.

Bada, berriki, This Is the Zodiac Speaking dokumentala estreinatu dute. Kasuari buruz egin den onena pelikularen Blurayaren gehigarrietan datorrena izan arren, honekin ere asko gozatu dut, oso gomendagarria iruditzen zait.

Hiru ataleko dokumental sortak ikerketari buruzko ikuspegi berriak aztertzen ditu, eta Arthur Leigh Allen izeneko gizonezkoa susmagarri nagusitzat jotzen du. Testigantzak, artxiboko irudiak eta adituen elkarrizketak uztartu dituzte, narratiba nahiko erakargarria sortzeko. Gidoia oso ondo egituratua dago, sentsazionalismoan erori gabe, eta inplikatuak izan ziren guztiak errespetuz tratatzen ditu.

Dokumentalaren indarguneetako bat bere sakontasun emozionala da. Antzeko lanetatik nabarmentzen duen osagai bat duela ere bai: ustezko hiltzailea ezagutzen zuen familia baten ikuspegia eskaintzen du. Allen, susmagarria izateaz gain, Seawater familiarekin lotura estua duen norbait balitz bezala aurkezten da, eta haren nortasunaren dualtasun beldurgarria erakusten da.

Krimenak gustuko badituzue, eta bereziki kasuaren jarraitzaileak bazarete, ikusi beharrekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.