gaizka izagirre
'Ekografiak'

Zinemaldiko bi harribitxi

2024ko urriaren 4a
05:00
Entzun

Aurtengo Donostiako Zinemaldian film mordoaz gozatzeko aukera izan dugun arren, bertan ikusitako bi telesail nabarmendu nahi ditut: Querer eta Yo, adicto, bikainak iruditu zaizkit.

Querer aipatzen hasiko naiz. Zehaztasun ia kirurgikoz onespenaren eta tratu txarren inguruko erradiografia hipererrealista aparta osatu du Alauda Ruiz de Azuak. Hunkitzea eta batez ere gogoeta eragitea lortzen du ekoizpenak. Antzeko gaiak jorratzen dituzten telesail britainiarren kutsu estetiko eta narratiboa antzeman diot. Mirenen (Nagore Aranburu) bidaia judizial eta familiarra azalduko du; emakumeak Iñigo Gorosmendi (Pedro Casablanc) senarra salatuko du, 30 urtez ezkonduta egon ostean egindako bortxaketa jarraituengatik.

Honelako istorioetan, zeinetan emozioek gainezka egiten duten, sarritan, gehiegikerietan erortzeko arriskua egoten da, baina zuzendariak justu kontrakoa egin du, eta maisuki gainera: edukia soila eta neurritsua da, apaingarririk gabea eta sotiltasun etengabean mugitzen den gidoia du oinarri, eta pertsonaiak eremu grisetatik atera gabe aritzen dira une oro. Aktore guztien lana itzela da, baina guztien gainetik Nagore Aranburu aipatuko nuke: ikaragarria da. Lan heldua eta oso ausarta egin du. Erantzunak eman baino ezkutuan dauden galderak sortzen dituen harribitxia da.

Yo, adicto telesaila,aldiz, zeharo desberdina da, baina aparta baita ere. Javier Ginerrek idatzitako izen bereko liburu arrakastatsuaren egokitzapena da. Egilearen benetako gainditze istorioa azaltzen du; hainbat urte eman zituen alkoholarekiko, drogekiko eta sexuarekiko adikzioaren espiral autosuntsitzailean murgilduta. Ginerren errehabilitazio-prozesua eta drogekiko mendekotasuna gainditzeko borroka ditu ardatz serieak, baina testigantza pertsonal arrunta izateaz harago, adikzioaren izaeraren azterketa sakona eta latza egiten du.

Oso ausarta izan behar da norberaren miseriarik handienak, zauririk sakonenak eta sekreturik aitorrezinenak modu hain zintzo eta basatian azaltzeko, eta Ginerrek hala egiten du. Oriol Pla aktoreak egiten duen lana, aldiz, ikaragarria da, ezin deskribatuzkoa; bidaia emozional eta katartiko harrigarria den hori bere eskutik egingo dugu. Arrasto ezabaezina uzten duen ekoizpen bikaina da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.