Lide Hernando.
Ekografiak

Zientzia vs inteligentzia

2024ko uztailaren 2a
05:00
Entzun

Arazo bat dut 3 Body Problem telesailarekin, eta zientzia-fikzioa ikusten dudan askotan gertatzen zait. Agian preferentzia kontua da, besterik ez; baina gai zientifikoa duten ikus-entzunezko edukiek tramaren alor zientifiko horri arreta handiegia eskaintzeak eta alor pertsonal eta emozionala alde batera uzteak amorru handia ematen dit.

Goazen testuingurura lehenbizi: 3 Body Problem Netflix plataforman 2024an estreinatutako telesail arrakastatsuenetarikoa da, Liu Cixin zientzia-fikzio idazle txinatarraren saga batean oinarritutakoa. 60ko hamarkadan Txinan hartutako erabaki oker bat gaur egungo Oxfordeko zientzialari talde batengana iristen da denboran eta espazioan zehar bidaia eginez, eta zientzialari horiek gizateriaren mehatxurik handienari aurre egin behar diote. Oxfordeko bostak izenez bataiatutako talde honetako bakoitzak rol garrantzitsua izango du telesailaren traman.

Kontua da, ordea, bost hauek –eta telesaileko gainontzeko pertsonaia guztiek– esan eta egiten dituzten gauzek antinaturalak diruditela, pertsonaiek ez dutela aurkezpen ez koherente ez dezenterik, eta euren arteko harremanak hutsalkeria erabatekoan gelditzen direla, nahiz kontrakoaren plantak egin —batik bat Will izeneko pertsonaiaren gertakaria harremanek aurrera egiteko nola erabiltzen duten ikustea nahiko merkea iruditu zait—. Eta, erantzun zehatzik ez dudan arren, badut teoria bat hau zergatik gertatu den azaltzeko: sortzaileek uste dutela telesail inteligente bat egitea, azken batean, teoria zientifiko konplexu eta ulergaitzak txertatzea dela, eta kito.

Baina teoria zientifiko konplexuen inguruan zerbait jakin nahiko banu, Teknopolis ikusiko nuke, eta ez telesail bat. Niretzat, behintzat, telesail bat gustuko izateko arrazoirik potenteena giza harremanen erretratua da. Eta zientzia-fikzioa lantzeak ez du esan nahi pertsonen arteko alor emozionala alde batera utzi behar denik. Hortxe dugu, adibidez, Nolanen Interestellar. Astrofisikaren alorrean gauza konplexu dexente sartzen dizkigun arren, azken batean, filmeko mezurik nagusiena aita-alaben arteko maitasuna da —eta hori Nolanen filmografia, hain zuzen ere, nahiko hotza dela giza harremanei dagokienez—.

Funtsean: zientzia lantzeak ez zaitu inteligente egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.