Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Zer eskatu lehendakariari?

2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Euskarazko hedabideen egoera jada ahula zen pandemiaren aurretik. Bereziki, termino ekonomikoetan; izan ere, sormen gaitasuna ez da falta. Itxialdian hori frogatu dute zenbait komunikabidek. Horietako askok, gainera, etxetik lanean. Idatzizko prentsan, telebistan eta irratian hala ikusi ditugu hainbat erredakzio. COVID-19ak, baina egoera are okerragoan utzi du euskarazko komunikazio esparrua. Herri ekimeneko euskal hedabideen gaineko —50 inguru— Hekimenen txostenak pista batzuk ematen ditu hortaz jabetzeko. Besteak beste, murrizketa nabarmenak publizitatean, aldi baterako murrizketak eta egitasmo zehatz asko bertan behera geratu izana azpimarratzen dira pandemiaren ondorio nagusi gisa.

Kontsumoak, aldiz, gora egin du modu esponentzialean itxialdian. Euskal Hedabideen Behategiaren arabera, egunkariek eutsi egin zioten irakurle kopuruari, horietako batzuek ohi baino ale batzuk gehiago ere saldu zituzten. Telebista eta irrati kontsumoak sabaia jo zuten, eta atari digitalen trafikoak inoizko daturik onenak islatu zituen martxoan. Guztira, otsailean baino 400.000 irakurle edota ikusle gehiago jaso zituzten aztertutako hedabideek. Bestela esanda, %40ko hazkundea hilabete bakar batean.

Telebistari dagokionez, itxialdiak eragina izan du programazioan ere. Nagusiki, euskarazko edukietan. Hainbat saio, film eta telesail eten zituzten. Beste batzuk, berriz, etxetik ekoizten jarraitu zuten. ETB1eko Gure kasa, Go!azen eta Ur handitan saioak horren isla dira. Kasurik okerrenetan, tarte merkeago batez ordezkatu zituzten: Ahoz aho ordezkatzera etorri zen Berben lapikoa. Hamaika telebistak, bestalde, lehendik zuen eskaintzari eutsi eta tarte berriak sortu zituen itxialdira egokituz: Pandoraren kutxa, Eskatzea libre, Etxeko Sessions eta Errezeta beganoak. Hain justu, aurrekontu askoz ere handiagoarekin, gure telebista publikoak egindakoaren kontrakoa: gaztelerazko katea lehenetsi baitu.

Euskarazko hedabideen egoera kritikoaren aurrean, ordea, eztabaida politiko eta publiko falta dago. Baita laguntza programa espezifikoen hutsunea ere. Gutxienez, beste sektore batzuekin alderatuz: autogintza, etxetresnak... Horregatik, hurrengo lehendakariari eskatuko nioke euskal telebista publikoarekiko konpromisoa eta horren erreforma erdigunera ekar dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.