Egun, plataformen eraginez daukagun telesail andanaren baitan, lapurretei dagozkien thrillerrek hartzen dute pastelaren puskarik handiena. Akaso horregatik ez nion jaramon handirik egin Apple TV Plusen agertu zitzaidan telesail espainiar haren trailerrari: Tú también lo harías zuen izena eta, bertako irudien abiadura biziko muntaketa ikusita, La Casa de Papel-en estiloa hartu nion. Kopia merke(ago) bat, pentsatu nuen. Alta, atzo bertan, zer ikusi ez nekiela eta, telesailari aukera bat ematea erabaki nuen; eta esan beharra dut ez dela lapurreta baten inguruko thriller soil bat.
Ea ulertzen den: ez dizu bizitza aldatuko, eta argi dago haren helbururik handiena ikuslea entretenitzea dela. Horra bideratuta dagoela bere muntaketa zorabiatsua, pertsonaien arteko harreman sutsua, cliffhanger-en ugaritasuna —sei atal ikusi nituen jarraian horien erruagatik—. Baina egia da bertan gertatzen den orok eramaten zaituela behin eta berriz izenburuak dioena galdetzera: nik nola jokatuko nuke?
Gaueko autobus batean gertatutako lapurreta baten ikerketa da telesailaren ardatza. Hiru lapurrek sakelakoak osten dizkiete autobuseko bidaiariei eta gidariari euren kontu korronteak husteko, gizon misteriotsu batek lapurrak hil eta ihes egiten duen arte. Hasieran lapurrak nortzuk diren jakiteko kasu gisa aurkezten zaiguna hiltzaile iheslari hori nor den jakiteko kasua bilakatzen da. Aldaketa horrek fikzioa sostengatzen duten eztabaida etiko eta moral batzuk jartzen ditu mahai gainean, batik bat autobuseko sei bahituek ez dutelako hiltzailea salatu nahi, bizitza salbatu dielako.
Azken hori da, nire ustez, beste telesail batzuetatik bereizten duena, galdera interesgarri batzuk planteatzen baitizkigu: zintzoa ala gaiztoa al da «justiziari» hori, hiru kriminal hil dituena sei bidaiari salbatzeko? Ondo jokatzen ari al da polizia, sei bidaiari salbatu dituen baina hiru lapur hil dituen gizon bat atxilotu nahian? Bahituak zintzo jokatzen ari al dira salbatu dituen baina hiru pertsona hil dituen gizonaren identitatea estaltzen?
Goraipatu nahiko nuke, bukatzeko, azkenaldian pantaila txikian gero eta sarriago agertzen ari den Ana Polvorosa aktorea; zenbat aldatu den Aída-n choni gisa sailkatutako Lore hartatik!