Lide Hernando.
'Ekografiak'

Zeharkako gomendioa

2024ko azaroaren 21a
05:00
Entzun

Batzuetan telesailen gomendioak espero ez ditugun lekuetatik iristen dira. Gaurkoa ez zen niretzako gomendio bat izan, Pablo Iglesiasi egindakoa baizik. Hain zuzen ere, A vueltas saioan Fermin Muguruzari egindako elkarrizketa ikusten ari nintzen, azken horrek politikari ohiari Lost Boys & Fairies telesaila gomendatu zionean. Ikustekoen zerrendan nituen telesailen arteko impasse horietako bat probestuz, Filminen topa daitekeen BBCk ekoitzitako lan hori ikustea erabaki nuen.

Hiru atal soilik ditu Lost Boys & Fairies telesailak; beraz, hiru orduko film baten gisan ere ikus daiteke. Cardiffen bizi den gay bikote batek familia-arazoak izan dituen haur bat adoptatzeko egin beharreko bidaia kontatzen du, funtsean. Mukizapiak gertu edukitzea eskatzen duten istorio horietako bat dela ohartarazi nahi dizuet.

Ez dakit oso ongi nola egin dezakedan behar dena kontatu eta sobran dagoen ezerk ez ihes egiteko. Batetik, esango nuke nik behintzat ez dudala askotan ikusi adopzioa gai nagusi duen lanik, ez behintzat adoptatu aurreko pausoak kontatzen dituenik. Interesgarria iruditu zait gizarte langileak bikote horren egoera sozial eta psikologikoa aztertzen duen bitartean agertzen dena, horrek ere ikusleari bi protagonistak hobeto ezagutzen laguntzen baitio. Klixeetan erori gabe, baina protagonistetako baten aitak ordezkatzen duen landa eremuko gizon kristau eta kontserbadorearen rola ere asko gustatu zait; maitasunari esker, bere sineskeren sistematik atera beste erremediorik ez duen gizonarena, alegia.

Telesailak, halaber, drag-aren munduan ere sartzen du apur bat muturra —protagonistetako bat drag queen-a baita—, eta esango nuke oso modu dotorean egiten duela. Gaiaren gordintasunari kolore apur bat ematen dioten eszena musikal batzuk daude, eta zaila izanagatik, sortzaileek oso ongi lortu dute horiek istorioaren makinerian enkajatzea. Denen artean bat goraipatuko banu, hirugarren eta azken atalekoa izango litzateke, non pertsonaia ezberdinek Tears for Fears taldearen Mad World abesten duten.

Ez dut ezer berririk esango, baina batzuetan ona da denen ahotan ez dauden edukiak ikustea. Mundu hiperkonektatu honetan ere, harribitxi askok ihes egiten digute, eta Lost Boys & Fairies izan daiteke horietako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.