Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Zazpi minutu

2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Zainzuriena, ahateena, koltxoiarena, bankuarena. Ez da Ibil Bediren abesti zerrenda, behinola TVEn sanferminetako entzierroaren aurretik jartzen zituzten iragarkiena baizik. Hogei urte edo gehiago joan dira, baina errepikatzearen errepikatzeaz, memorian iltzatuta geratu zaizkigu. Berdin gertatzen da honezkero ondare herrikoia diren beste makina bat iragarkirekin: Mixta edariarenak, absurdoa muturrera zeramatenak; Andoni Agirregomezkortak Keler edo Euskaltelentzat egindakoak; Coca-colarenak: Del Pita del, edo argentinar batek errezitatzen zuen poemarekin egindako hori. Edo Pepsirenak, lehiakidea egurtzen, baina izena esan gabe. Abestiekin ere, antzera: musikari askoren disgusturako, zenbait doinu marka edo produktu jakin bati lotuta ditugu kaskoan gordeak. Eta zer esanik ez jingle edo lelo musikatuak. Lagunen urtebetetze egunak bai, baina txikia zinela entzundako lelo horiek ez zaizkizu sekula ahaztuko.

Barkatuko didazue nostalgia publizitario ariketa hau. Baina gaur, lagun baten etxean telebista ikusten ari ginela, ohartu naiz spotek utzi diotela, aspaldi jada, nire egunerokoan lekua izateari. Ikusten ari ginen saioa berrasteko zazpi minutu itxaron beharko genituela iragarri dute mezu idatzi bidez, eta halaxe topatu dut neure burua, oso aspaldiko partez, iragarki segidari begira. Etxean plataformak ikusteko balio didan proiektorea dut, eta ez dut telebista tradizionala ikusten. Youtuben edo nahieran-en agertzen diren iragarki apurrak dira nire kontaktu bakarra eduki komertzialekin, eta ez nuke jakingo azken urtean ikusi dudan spot bakar bat ere aipatzen. Baina ez nintzen ohartu aldaketa erradikal horretaz, gaur arte.

Zazpi minutu iragarki eta ni begira-begira. Lehen ezin arruntagoa zena erabat arrotza egin zait orain; eta berdin gertatuko zaie telebista aplikazioetatik ikustera ohitu diren guztiei. Baina ez haiei bakarrik. Sakelako telefonoa eskura itsatsia dugun honetan, gustuko saioak adi jarraitzeko ere lanak ditugunean, nork eskainiko die arreta iragarkiei? Publizitatearen urrezko aroa aspaldi amaitu zen, eta hemendik zenbait urtera inor gutxik gogoratuko ditu gaur emisioan jartzen dituzten iragarki horiek. Baina ez pentsa horrek bakea emango digunik. Orain influencer-en eduki babestuekin bonbardatzen gaituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.