Iragan azaroan dei berezi bat jaso nuen sakelakoan: «Kaixo! Txirri, Mirri eta Txiribitonen inguruko dokumental bat prestatzen ari gara; animatuko zinateke bertan parte hartzera?». Segundo gutxi behar izan nituen baiezkoa emateko. Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin oso lotura berezia sentitzen dudan arren, nire haurtzaroko pailazoak Xabier Otaegi Txirri, Jose Inazio Ansorena Mirri eta Txema Vitoria Txiribiton dira, zalantza izpirik gabe. Pailazo berezi horien musikarekin batera oroitzen ditut gurasoekin eta anaiarekin egiten nituen auto bidaiak.
Urtarrilaren 1ean estreinatu zuten, ETB1en, Txirri, Mirri eta Txiribiton. Mende erdia Euskal Herria alaitzen dokumentala; bertan azaltzearen parekoa izan da ikustaldiarekin sentitu dudan emozioa eta nostalgia dosia.
Donostiako Kresala elkartean euskara sustatzeko lanetan hasi ziren 1970eko hamarkadaren hasieran. Jolasak, antzerkiak, txokolatadak eta abar antolatzen zituzten. Behin, ordea, 1972an, umeentzat euskarazko ikuskizunik ez zegoela ikusi, eta, hutsune hori betetzeko asmoz, pailazo talde bat sortu zuten: Kixki, Mixki eta Kaxkamelon. Euskal Herri osoan barrena hamahiru urtez saioak egiten ibili ostean, izena aldatu eta Txirri, Mirri eta Txiribiton izatera pasatu ziren.
Haien ibilbidean ehunka lagunek parte hartu dute, eta, artxibo irudi ugarirekin batera, hauek izan dira dokumentalaren oinarria: Jaime Otamendi, Elena Irureta, Aizpea Goenaga, Fede Badiola, Txan magoa, Iker Galartza, Joxe Mari Agirretxe (Porrotx), Aiora Zulaika (Pirritx), Mertxe Rodriguez (MariMotots) eta abar. Gonbidatu horien testigantzei esker, pailazoaren atzean dauden pertsonak ezagutzeko aukera izan dugu, eta zenbait anekdota eta bitxikeria ezagutu ditugu.
Hiru pailazoen emanaldietan oinarri oso garrantzitsua da musika, eta, ideia hori nabarmentzeko, dokumentalaren egileek hiru bideoklip egin, eta ikus-entzunezkoaren barnean txertatu dituzte: Donostiako Udaleko Abesbatza Txikiak Pintto, Pintto antzeztu du, EITBko hainbat langile ezagunek Altza, Pelipe, eta Gure Zirkuko partaideek Paristik natorren kantaren bertsio zoragarria oparitu digute.
Elkarrizketatu, irudi eta une musikalei esker, kolorez, nostalgiaz eta maitasunez beteriko dokumental ederra sortu dute.