Slow Horses izeneko espioitza-telesail britainiarrak kalean du laugarren denboraldia jada. Ezagutzen ez baduzue, benetan gomendatzen dizuet Mick Herron idazlearen eleberrietan oinarritutako lan hori ikustea. Denboraldiak ziztu bizian estreinatzen dituzte, lehena 2022ko apirilean kaleratu baitzuten. Aurtengo irailetik dago laugarrena Apple TV plataforman ikusgai.
Zaldi motel deiturikoa Britainia Handiko MI5 Segurtasun zerbitzu entzutetsuak baztertuta baina aktiboan duen talde bat da. Iraganean akats potoloren bat egiteagatik, edota alkoholismoa eta ludopatia bezalako gaixotasun psikologikoak pairatzeagatik, Zingirako Etxea deiturikora zokoratzen dituzte, enpresarentzako lan zikina egin dezaten. Zingirako Etxearen jaun eta jabe da Jackson Lamb; iragan iluna duen agente alkoholiko, desatsegin eta, bere eran, bikaina. Gary Oldman handiak gorpuzten du ertz askotako pertsonaia interesgarri hau; nire ustez, bere azken urteetako lanik onena da. Espioitza oinarri duten ikus-entzunezko lan guztietan bezala, akzio handiko pertsekuzio eszena askoz eta trama-aldaketa harrigarriez gain, denboraldi bakoitzean etsai baten kontra lehiatu beharko dira Zaldi Motel hauek: lehenengoan neonaziak, bigarrenean agente errusiarrak, eta abar. Gauza bat du, ordea, espioitza-lanetan tipikoa den horretatik aldentzen dena: manikeismotik ihes egin eta, behingoagatik, zaldi motel hauen egunerokotasuneko benetako etsaiak, azken finean, MI5eko agente errespetatu bezain bihozgabeak direla. Horien buruzagi kalkulatzaile eta hotz bezala dago Christin Scott Thomas aktore britainiarrak gorpuzten duen Diana Taverner; aspaldi zen Scott Thomas pantailan ikusten ez nuela.
Bertan agertzen diren gauza asko espioitzaren fikzio-makineriak asmatutako ezaugarri prototipikoak diren arren, pertsonaia batzuek bere sotiltasunean duten konplexutasuna goraipatzekoa da; besteak beste, lehen aipatutako Lamb eta Taverner, Saskia Reeves aktoreak gorpuztutako Catherine Standish idazkari inuzente ez hain inuzentea, edota telesail honetako heroi traketsa den River Cartwright gaztearen papera egiten duen Jack Lowden aktorea.
Aipamen berezi bat, halaber, denboraldi bakoitzaren hasierako sekuentziei; den-denak bikainak dira. Ea gustuko duzuen!