Jaiotzez Euskadi Gaztea. Ondoren, Gaztea. Gaur egun, Teenagerrak izena du gazteei zuzenduriko irratiak. 2050. urteko martxoaren 22a da gaur. Irrati kate horretako zuzendariak sailkatu egin ditu elkarrizketa batean gaur egungo musikazale motak. Hiru taldetan banatu ditu: a) musika talde artifizialen zaleak, b) eklektikoak, musika artifiziala entzun arren pertsonek egindakoa ere entzun dezaketenak, eta c) algoritmo-aurreko frikiak.
Teenagerrak izena duen arren irratiak, nerabe gutxi bizi da gurean. Aspaldi erori zen ugalkortasun tasa 0,6tik behera. Herrialde txiroetatik datozen migratzaileek betetzen dute langile falta. Eta horiek ere, urte batzuk hemen igaro ostean, seme-alaba gutxi izateko bertoko ohitura ikasten ari dira.
Kapsula. Izen hori hartu dute Euskal Herrian zehar zabaldu diren 15 metro koadroko bizitoki minimalistek. Etxebizitzarena arazo larria zen duela hogeita bost urte. Prezioen igoera izugarria jasan eta alokairu librea mugatu ondoren, desagertu egin zen azken horien eskaintza. Eraiki ere, ez zen ezer eraikitzen. Azkenean, gobernuak birgaitu egin zituen sobera zeuden ikastetxe eta elizak, eta hamabost metro koadroko milaka etxebizitza prestatu zituen bertan. Ofizialki, kapsulak. Lagunartean, txoritokiak.
Txoriak txori. Baina txakur eta katuen faltarik ez da Euskal Herrian. Hamar kapsulatik bederatzitan etxeko animalia bat bizi da. Osasun eta etxebizitza sailburuek gomendatu dute horrelako bat izatea etxean. Laguntasuna ematen dute. Animaliek, diot. Sailburuek ez dute deus esan kapsulen tamainaren inguruan. Eta gaur irakurri berria: gobernuak, sindikatuek eta patronalak adostu dute norberaren konpainia animalia hilez gero bi eguneko baimen ordaindua izatea.
Kuadrillako lagun bat banatu berri da; ez da bikotekide ohiarekin ados jarri. Hainbat urteren ondoren, etxean izan duten robotaren jabetza izan nahi dute biek. Robotaren algoritmoak oso ondo ikasi omen du bakoitzak zer behar duen. Eta bietariko inork ez dio uko egin nahi Lolo Pro-Max robot laguntzaileari. Epaileak erabaki du zaintza partekatua izango dela. Aste batean, Lolo robotak nire laguna zainduko du, eta hurrengoan, bikotekide ohia.