Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Wasp Network'

2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Aspaldi ez nuen film luzerik etxean ikusten. Streaming plataforma batean. Nagusiki, denbora faltagatik. Dokumental laburrak eta fikziozko telesailak izan dira azken hilabeteetan gehien ikusitako ikus-entzunezko edukiak. Guztiak ere, ingelesez. Ez hala nahi izateagatik, baizik eta euskarazko eskaintza berria gero eta murritzagoa delako. Wasp Network (liztor sarea) izan da asteburuan ikusitako pelikula. Donostiako Nazioarteko Zinemaldian estreinatu zuten iaz. Ez zituen kritika oso onak bildu. Ekainaren 19an Netflixera iritsi zen, eta dezente promozionatzen aritu dira. Kostata, bi ordu atera nituen.

Olivier Assayas Parisko ekintzaile komunistak zuzendutako lana da. Horrez gain, gidoigile eta zinema kritikari ospetsua ere bada Assayas. Wasp Network filmak Kubako espioitza sare baten benetako istorioa kontatzen du. 90eko hamarkadaren hasieran, Sobietar Batasuna desegin ostean, Fidel Castroren kontrako kubatar askok Miamira (AEB) alde egin zuten. Hegazkin pilotuak izan ziren gehienak. Bizitza berri bat hasteaz gain, horietako batzuek Kuban eraso terroristak egiteko erakunde bat sortu zuten. Hain zuzen, Sobietar Batasunaren babes politikorik eta ekonomikorik gabe, Castroren gobernua laster eroriko zela zabaldu zen. Kuba, ordea, ez zen geldirik geratu, eta espioi talde bat bidali zuen Miamira: Wasp Network izenekoa.

Edgar Ramirez, Penelope Cruz, Wagner Moura, Gael Garcia Bernal, Ana de Armas eta Leonardo Sbaraglia aktoreak dira filmaren protagonista nagusiak. Guztiek hitz egiten dute gaztelaniaz, baina, bakoitzaren jatorria desberdina denez —argentinarra, brasildarra, espainiarra, mexikarra eta venezuelarra, tartean—, doinu nahasketa izugarria da kubatarrez hitz egiten dutenean. Ziurrenez, Latinoamerikako lagunek nik baino hobeto sumatuko dute ezaugarri hori. Une askotan, zaila egin zitzaidan pertsonaiak kokatzea. Bestalde, gidoi aldetik ere nahasia da. Ondo josi gabeko jauzi gehiegi egiten dira istorioan, aurrera zein atzera. Horregatik, sorpresaz iristen diren gidoi birak nekez ulertzen dira oinetakoak sartzeko tresnarik gabe.

Aldizkako jokoz kanpo horiek salbu, baina, produktu entretenigarria da Wasp Network. Jarrera politikoari dagokionez, hori bai, distantzia sumatu dut. Hau da, Assayasek ez du alde bat ala bestea aukeratzen. Lastima.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.