Lide Hernando.
Ekografiak

Ustez errugabea

2024ko uztailaren 16a
05:00
Entzun

Gogoan dut atal honetan idatzi nuen lehendabiziko artikuluetako bat 2016ko The night of telesail bikainari eskaini niola. Riz Ahmed eta John Turturro protagonista dituen lan paregabe horrek hilketa basati batean nahastutako eta itxuraz errugabea dirudien gazte baten istorioa kontatzen du, eta telesaila, batik bat, kasu horren epaiketaren inguruan zentratzen da.

Bada, nik bezala telesail hori gustuko baduzue, zorionekoak zarete, antzeko batek hartu baitu lurra azken asteotan Apple TV plataforman: Presumed Innocent. Bueno, izatez –eta zuekin zintzoa izatearren–, esango nuke ez duela lehenengoaren kalitatea, baina antzekotasun asko ditu, eta bikaina izan gabe, ona da. Jake Gyllenhaal aktorea du protagonista, Rusty Sabich izeneko Chicagoko fiskal entzutetsu baten paperean. Sabichen lankide izandako emakume bat era basatian hilda topatuko dute bere etxean, eta The night of-en gertatu bezala, inguruko froga guztiek protagonista susmagarri bakar izatera eramango dute. Egoera jada berarentzat konplexua balitz, Sabichek ikerketak iraun bitartean bere familia –emaztea eta seme alaba nerabeak– mantentzeko ahalegin erraldoia egin beharko du, hilda topatu duten lankide hori bere maitalea izan baitzen. Telesailaren intriga maila oraindik gehiago handitzen duen beste faktore bat ere dago tartean: epaiketara eramango duen abokatua Sabichi berriki postua kendu dion Chicagoko fiskal berria dela, Tony Molto, hainbat urtetan protagonistaren arerioa izan dena. Euren arteko tentsio amaigabeek mila galdera uzten dizkigute: zer gertatu zen euren artean? Zergatik diote elkarri horrenbesteko herra? Benetan al da Sabich hilketa honen erruduna, ala froga guztiak manipulatu ditu Moltok bere arerioa kartzelan sartzeko?

Aspaldian ez nuen horren telesail katigatzailerik ikusi. Atal bakoitzaren amaieran agertzen diren froga berriek, azenarioen gisan, hurrengoa ikustera behartzen zaituzte derrigorrez. Baliteke pertsonaien profilak agian ez izatea The night of-ekoak bezain originalak, hiru dimentsionalak, sakonak; batzuetan klixeetan erortzen direla esango nuke, eta euren ustezko inteligentzia maila kolokan jartzen duten ekintza ergel baten batzuk egiten dituztela. Baina gomendatzea benetan merezi duela iruditzen zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.