urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Urak eginen du bide (Lekeition)

2024ko urriaren 20a
05:00
Entzun

Mikel Laboaren Lekeitioak ez dira nolanahikoak. Baga-biga-higa... Lekeitio, Bizkaiko kostaldeko herria. Itsasoko uraren aparrak euskara ederra zipriztintzen du bere kaleetan, kaitik gertu. Asteazkenean hasi zen 47. Euskal Zine Bilera herri horretan. Bihar amaituko da, sortzaile gazteengana hurbiltzeko ahalegina eginda. Urak egin du bidea Lekeition 47 urtez, euskarazko ikus-entzunezko lanak proiektatuz. Ez zaie nahikoa aitortzen, baina ahots ozenagoz goraipatu beharko lirateke Euskal Zine Bileraren sortzaileak eta antolatzaileak.

Egunotan aurkeztu dituzten lanen artean, garrantzi berezikoa da Urak eginen du bide dokumentala. June Agirre Ansa, Alex Altuna Tojal eta Oier Markotegi Zubillaga Mondragon Unibertsitateko ikasleek egin dute, apaltasunez, baina gaia fundamentu handiarekin landuz. Hauxe argumentua: «Azken hamarkadetan iraultza digitalak hainbat aldaketa ekarri ditu pantailen eta ikus-entzunezkoen kontsumoan. Testuinguru berri horretan, euskarak bizi duen egoeraren berri jasotzen du lanak zenbait adituren bitartez». Pantailak euskaratzeko erronkari begira, aintzat hartzeko hausnarketa ugari entzuten dira 30 minutuko lanean.

Garikoitz Goikoetxea euskara teknikariaren hitzak oso adierazgarriak dira: «Eskaintzari erreparatzeko premia dago. Egun, 15-25 urte arteko gazte batentzat, zer dago euskaraz ikusteko?». Oharra argia da: «Badakigu euskarazko eskaintza handituta ere, beti izango dela erdarazkoena baino mugatuagoa». Hortaz, Libe Mimenza EHUko ikerlari eta Euskal Hedabideen Behatokiko koordinatzaileak zera behar dela uste du: «Estrategia bat garatu behar da euskaratik eta euskararentzat pentsatua. Baina ez dut uste soilik gazteentzat egin behar denik, gizarte osoa zeharkatzen baitu pantailen eremuak». Goikoetxeak dio EITBri erreparatzen zaiola, «arrazoiz», baina begirada zabaltzea komeni dela uste du. «Komunikazioaren eta ikus-entzunezkoen esparrua ez baita EITBra mugatzen Euskal Herrian».

Itziar Ituño 'Urak eginen du bide' dokumentalean.
Itziar Ituño aktorea, Urak eginen du bide dokumentalean. JUNE AGIRRE

Errekak eta ibaiak. Uraren soinua. Euskaraz lan egiten duten hainbat profesionalen hitzak entzuten dira dokumentalean: Antton Telleria Mihiluze lehiaketako aurkezlea, Itziar Ituño aktorea, Nerea Arriola Go!azen telesaileko aktorea, Maddalen Arzallus Biba zuek magazinaren aurkezlea eta Sua Enparantza Irabazi arte telesaileko aktorea. Telleriak, esaterako, aipatzen du Mihiluze-k arrakasta duela, «euskal komunitatera ondo bideratuta» dagoelako. Baina fikzioan ausardia falta dela iruditzen zaio: «Arriskuak hartzeko lanak ditugula ematen du. Garrantzitsua da jendeari egiten uztea». Mezu baikorra eman du Ituñok: «Euskara aldeko balioa da. Ez digu ezer kentzen, eman egiten digu euskarak». Ituñori Euskal Begirada Saria eman zioten atzo, Lekeition.

Euskaraz ikasten ari zela hasi zen Ituño Goenkale-n lanean. Euskaraz ikasteko baliatu dira sarri ikus-entzunezkoak. Baina kezka bat jarri du mahai gainean Kike Amonarriz soziolinguistak: «Dragoi Bola izan zen belaunaldi batek euskaraz izan duen azken erreferentzia komuna»; hain justu, Dragoi Bola-ren inguruko ekitaldi-omenaldi berezia egingo dute gaur Donostiako Antzoki Zaharrean —sarrerak amaituta daude—.

Epe motzeko erronkak

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia ere mintzo da Urak eginen du bide lanean. Euskararentzat ikus-entzunezkoek duten garrantzia nabarmendu du. «Ikus-entzunezko lanekin imajinarioak lantzen dira, eta norberaren hizkuntzak zentzua hartzen du». Amonarrizek, halaber, gaineratu du: «Telebista euskaraz ikusten duzun neurrian, zure hizkera hobetu egiten duzu. Zure hizkuntza gaitasuna indartu egiten duzu; beraz, euskaraz egiteko ziurtasuna handitu egiten duzu».

Alex Aginagalde 'Urak eginen du bide' dokumentalean.
Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea, Urak eginen du bide dokumentalean. JUNE AGIRRE

Izaskun Rekalde Pantailak Euskaraz-eko lehendakariaren oroimenezko aipamena ageri da kredituetan. Horren aurretik, talde bereko bozeramaile Alex Aginagaldek luze gabeko erronkak aipatzen ditu: «Euskaldunok zinema aretoetan bizi dugun diskriminazioa amaitzeko araudia; ekoizpena eta bikoizketa gehitzea; eta ikus-entzunezko sisteman gainbegiratuko duen ikus-entzunezko kontseilu bat sortzea». Biribiltzeko, bi eskaera: «Erakundeei eskatuko genieke euskara erdigunean jartzea. Eta herritarrei, aktiba daitezela».

Urak eginen du bide. Datorren urtean bai, behintzat, Lekeitioko 48. Euskal Zine Bileran.

Urak eginen du bide dokumentalaren trailerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.