Lide Hernando.
'Ekografiak'

Unibertso paraleloak

2024ko uztailaren 9a
05:00
Entzun

Suposatzen dut hau irakurtzen ari den orok izan duela inoiz zer ikusi eta zer ez eztabaida etxean. Bai gizartean antolatzeko dugun eragatik, baita, zoritxarrez, higiezinen industriaren egoerarengatik, gaur egun ez da ia inor bakarrik bizi eta, beraz, pisua partekatzean datozen eztabaiden artean, ohikoenetarikoa izaten da afalostean zer ikusi erabakitzeari dagokiona.

Bada, eztabaida hauetako baten ondorioz amaitu dut nik Apple TVko Dark Matter telesaila ikusten. Oraindik ere 3 Body Problem telesailetik osatu gabea nintzen, eta ez nuen gogo handirik zientzia fikzioan berriz ere sartzeko... baina badakizue: batzuetan merezi du amore ematea.

Kasu honetan, bizikidetzarako amore emateak merezi izan duen arren, telesailak berak merezi duen ez nago oso ziur. Blake Croach idazlearen bestseller batean dago oinarritua, zeinetan Jason Dessen izeneko fisikariak bere bizitzaren bertsio alternatibo batean amaitzen duen, norberaren beste bizitza posibleetara joatea eskaintzen duen makina bat eraiki ondoren. Bere jatorrizko bizitzara itzuli ahal izateko, Jason bidaia korapilatsu batean murgilduko da bere familia etsairik beldurgarrienetik salbatzen saiatzeko: bera. Suposatuko duzuen moduan, telesailak dituen bederatzi kapituluetan pertsonaiek bizileku duten Chicagoren hamaika bertsio ezberdin ageri dira, baita protagonisten beste hainbeste bertsio ere, trama gero eta gehiago konplikatuz eta nanosegundo batez arreta galduz gero haria berreskuratzea zeharo zailduz. Gogoko dut castinga –Joel Edgertonek egiten du Dessenen rola eta aspaldian desagertuta ibili den Jennifer Connellyk haren emaztearena–, baina egia da, bestalde, primerako aktore horiek izateko istorioak ez diela askorik luzitzeko aukerarik ematen.

Efektu kolpe batzuk ondo ekarriak iruditu zaizkidan arren, orokorrean azkar ahazten den telesaila iruditu zait. Istorioa buruan iltzatzeko baino gehiago, antza hartu diodan eta askoz ere hobea iruditu zitzaidan beste telesail bat gogoratzeko balio izan dit: Dark alemaniarra. Ikusi ez baduzue, hauxe artikulu honetako zeharkako gomendioa: denbora eta unibertso jauziak ditu, bai, baita errealismotik asko urruntzen diren hainbat gauza ere. Baina behin jarrita, sekulako bidaia proposatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.