Lide Hernando.
'Ekografiak'

Umorearen oztopoak

2025eko otsailaren 11
05:00
Entzun

Botatzera noana ez dut uste dagoeneko unpopular opinion deritzonaren zakuan sartzen denik, jende askori entzun baitiot gauza bera: amorrua ematen dit kritikak eta akademiak umorea genero serio gisa ez hartzeak. Eta are amorru handiagoa ematen dit komediaren esparruan etiketatu izan dugun norbaitek zerbait serioa egin eta, bat-batean, kritikak aintzat hartzen hasteak, ordura arte euren lumen distira merezi izan ez balu bezala.

Eta ados egongo zarete nirekin gertakari horren adibide argienetakoa Ben Stiller dela esaten badut. There’s Something about Mary, Night at the Museum eta halako komedia yanki arrunt eta komertzialak egiteaz gain, bere gidaritzapean egindako Tropic Thunder, Zoolander eta halako parodia bikainak ere aurki daitezke haren ibilbidean, eta hala ere, ez jendeak, ez kritikak, ezta akademiak ere, ez ditu bere interes intelektualaren begi gosetiak Stillerrengan jarri Severance telesaila iritsi den arte.

Apple TV Plus plataforman 2022an estreinatutako lan honek bigarren denboraldia abian du jada, atalak astez aste gehitzen doazelarik. Black Mirror-ek bere egindako distopia digitalaren azpigeneroaren beste adibide bat da, nahiz eta badituen bere kode propioak —eta, Stillerren komedia asko bezala, oso inteligenteak—. Bertan, korporazio batek bere langileak kontrolpean izateko metodo berritzaile bezain susmagarri bat jarri du martxan: lanean dagoen eta lanetik kanpo dagoen kontzientzia bitan zatitzea, garunean txip bat ezarriz. Ageriko helburua langileak barnean dituen kezkak etxera ez eramatea da, lasaiago bizi dadin; baina ikusleak laster jakingo du asmo ezkutu bat baino gehiago dituela sistema horrek.

Telesaila zientzia fikziozko beste edozein edukitatik ezberdintzen duen ezaugarria tonua litzateke. Arraroa da, susmagarria oso, eta errealitatean ezagutzen ditugun sentsazio, emozio eta erantzunetatik urruntzen dena. Alderdi horretan behintzat, Giorgos Lanthimosen zinemara gerturatzen dela esango nuke.

Arraroa da eta ez, inondik inora ere, azken urteotako lanik onena. Baina ez da komedia; eta horrek Ben Stiller, Severance-ko zuzendari eta ekoizlea, aintzatespenaren esparruan sartu du bat-batean. Groucho Marxek esan zuen umorea oso gauza serioa dela; has gaitezen, bada, umorea serioago hartzen!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.