Ez, udan ez dira isildu gure irratiak, eta podcast asko izan ditugu entzungai. Hondartzan, mendian, autoan, aurikular edo bozgorailuetan… lagun izan dugu irratia. Jaietan ere presente izan dira mikrofonoak; adibidez, Bilbo Hiria Irratiak Aste Nagusiaren bihotzean izan da eta protagonisten ahotsak ekarri ditu egunero. Edukiak arindu dira, informazio-saioetan normalean ez dauden gaiek hartu dute protagonismoa, atleta, txirrindulari eta arraunlariek protagonismoa kendu diete futboleko izarrei, eta trafiko-ilaren ordez mareak eta banderak ekarri dituzte. Baina, antza, uda meteorologikoa amaitu da (lasai, oraindik uda astronomikoa bukatzeko bi aste geratzen zaizkigu), eta horrekin ere eskolara itzultzen hasi dira Euskal Herriko ikasleak; lehenengoak, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberokoak.
Irratietan ere bueltan daude, nahiz eta oraindik ezer gutxi dakigun ikasturte berrian prestatu dutenen inguruan. Naiz Irratiak aurreratu du musikak toki handiagoa izango duela bere programazioan, Lide Hernandok gidaturiko Ad Libitum eta Ritxi Aizpuruk zuzendutako Otea Lili irratsaioekin. Bihar, bertan, berriz, denboraldi berriari ekingo dio Arrosa Irrati Sarearen Zebrabidea saioak, Ekhiñe Zapiain eta Oihana Azkueren eskutik. EITBko irratietan ere aldaketak aurreikusten dira, baita podcast berriak etorriko direla ere, bereziki gizarte-atalean eta fikzioan. Izan ere, udazkenerako iragarri zuen komunikabide publikoak Tabakalerarekin batera deituriko Audiogile Berriak lehiaketaren podcast irabazleen estreinaldia: Xabier Paiaren De rigor mortis, eta Garazi Urkola eta Hodei Arrastoaren Enkantea. Horretaz gainera, irailaren 24an Radio Vitoriaren 90. urteurrenaren ospakizuna izango da udazken hasieran. Aperitibo moduan, abuztuan zehar Xabier Matxainek ekarritako irrati-historiaren pilulak entzungai dira dagoeneko Gasteizko irratian.
Adi egongo naiz berritasun eta efemeride horiei guztiei zuengana ekartzeko, baina buelta honetan nabarmendu nahi dut Ataria Irratiak denboraldi berriari begira egiten duen deialdia herritarrak saio bat egitera gonbidatuz. Irailaren 16an hasiko da Tolosaldeko komunikabidearen ibilbide berria, eta egunean zehar lantaldeak ohiko programazioa bermatuko badu ere, iluntzean Saio Libreak atalean, mikrofonoak zabaltzen dizkie norbanako eta taldeei.
Agian optimistegia naiz, baina banago ikasturte honetan ere ez dela izango zoritxar-igarleek aurreikusten duten irratiaren akabera. Urte askotarako!