Arantza Gutierrez Paz.

Uhinak

2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Euskadi Irratiko Faktoria magazine-ko taldekideak zorionduz hasi nahi dut gaurko zutabea, lortutako Ondassariagatik. Benetan poztu nau albisteak, eta uste dut merezi dutela ez soilik 21 urteko ibilbideagatik, baita egunero egiten duten lanagatik ere. Gertutasuneko irratsaio onenari emandako errekonozimendua (ex aequo) lortu du Prisak —Radio Barcelona delakoak— antolaturiko sariketan. Esango nuke hurbiltasuna lortzeko ezinbesteko elementua hizkuntza dela, bertako ahotsak entzutera eramaten gaitu eta; erdal kanal publikoan, berriz, batzuetan sentsazioa dut urrutiko esperientziek eta solaskideek protagonismo larregi dutela, eta espainiar irratiek eskainitako programazioetatik bereiztea gehiago kostatzen zaidala.

Sariaren berri jakin bezain pronto, intuizioak eragindako susmoa baieztatu nuen: 71 edizioetan, lehenengo aldiz saritu dute euskaraz emitituriko irratsaio bat. Egia da 2022an eta 2023an Lokatza eta Artxipelagoa EITBko Podkasteko saioek sari bana eskuratu zutela —«hizkuntza koofizialeko» podcast kategorian saritu zuten lehenengoa, eta bigarrenak, berriz, aipamen berezia jaso zuen soinu-diseinu oneneko atalean—, baina orain arte ez zegoen euskarazko irratsaiorik garaileen zerrendan.

Gidoiak saritzeko jaio eta gaur egun ikus-entzunezko komunikazioaren arlo ezberdinetako lanak errekonozitzen dituen lehiaketa horren historian, oso gutxitan nabarmendu izan dira hizkuntza gutxituetan eskainitako saioak, eta hori nahikoa da agerian uzteko Faktoria-k lorturiko golardoaren garrantzia. Eta ez du inportantzia hori murrizten sektoreak bere buruari emandako errekonozimendua izateak, duela gutxi lagun batek iradoki zidan bezala; izan ere, sari asko halakoak dira eta ez zaie zilegitasunik kentzen. Alderantziz, bere zilborrari begiratzen dion komunikazio sistema estatuzentristak periferia (geografiko, kultural eta linguistikoa ausartuko nintzateke esaten) dagoen saio baten balioa aitortzen du. Hurrengo urratsa, euskal irratigintza osoaren aitortza edo irratsaio onenaren saria euskarazko emanaldi batek eskuratzea. Halakorik heldu bitartean, azaroaren 14an Bartzelonako Gran Teatre del Liceu antzokian euskara entzungo da.

Ez dute halako saririk jaso momentuz Ataun Irratiko kideek, baina jauzi handi bat eman dute hilabete honetan, amaraunetatik uhinetara, FMko 107.2ra, alegia, eta hori ere pozteko albistea da. Hala ere, oraindik Euskal Herriko dialean gaztelania eta frantsesa dira nagusi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.