Ez badirudi ere, uda da. Lainopean, eta zirimiriak blaituta, bueltatu dira garaiari dagozkion fenomenoak: musika jaialdiak, turista talde antolatuak, herriko festak eta marmoka ziztadak. Uda da, eta telebistako saio arrakastatsuek etena egiten dute, langileek oporraldia —ordaindu gabea,gehienean— har dezaten. Eta ikusleak ez nekatzeko.
Telebista etxetresna berezia da, ordea. Guk ireki edo besterik ez dugu egin behar; hozkailua edo garbigailua ez bezala, beste batzuek betetzen dute gure partez. Eta horretarako, telebista izarrak oporretan dauden bitartean ere, norbaitek behar du hor, pantailaren beste aldean. Norbait arduratu behar da platoa, seinalea eta etxetik atera ezinda geratu diren ikusleen arreta zaintzen.
Badira lehorraldi hori nolabait arintzeko jaioak diruditen ekitaldiak. Frantziako Tourra, besteak beste. Sei orduko etapak, bere aurrerapen, elkarrizketa multzo, analisi eta guzti, egun osoko programazioa bete dezake. Gehiago ere bai, aurten bezala, Euskal Herrian hasten bada. Eta zer esanik ez, Ertzaintzaren oldarraldia gorabehera, dozenaka tertulia ordurako ematen duen meloia zabaltzen badu. Orain Conquis-en bakarrik ez, albistegietan ere jarri diegu aurpegia —edo buruberokia kendu— ertzainei.
Baina Tourra eta bere albo-ondorioak baino gehiago behar da uda osoa edukiz janzteko. Gabezia horrek eraginda sortzen da telebistako genero guztietan xelebreena: udako saioa izeneko kategoria zabal hori.
Erraza da identifikatzen: elkarrizketa arinak dira nagusi, surf taulez eta bandera koloretsuez janzten da telebistako platoa, eta beti dago kolaboratzaile gazte hasiberri multzo bat, herrietako festetara bidali dutena, bertako marmitako txapelketaren edo kuadrillen egunaren berri emanez.
ETB1en Gora bihotzak izena duen talk show-a sortu dute aurten. Udako saioa izateko ezaugarri guztiak baditu ere, berritasunak dakartza. Bat: Zarauzko denda bat bihurtu dute plato, eta horrek kalean gertatzen denetik gertu jarriko ditu. Eta bi: Miren Nogales eta Julen Telleria aurkezle bikote sendoa hautatu dute. Osagai horiekin egin beharko du eguneroko menua lantaldeak. Ez da erronka erraza: besteak oporretan gaudenean, zuku guztia aspaldi atera zaion formatu batekin borrokatu beharko dute, astean lautan, haiek.
EKOGRAFIAK
Udako saioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu