Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Udako gomendioak

2024ko uztailaren 21a
05:00
Entzun

Aurreko asteetan, uda honetan irakurtzeko liburuak proposatzen dizkiguten saioen inguruan hitz egin nuen, aisialdia profitatzen baitugu askok hitzen erresuma edo errepublikan zehar bidaiatzeko. Batzuetan, berriz, nahi bai, baina ezin. Eguzkiak jotzen duenean, hizkiak ihes egiten diguten inurri bihurriak bihurtzen dira, eta pantailan agertzen zaizkigun istorioak ikustatzen dira distiraren atzean. Orduan, zergatik ez entzun kontakizun horiek? Ditxosozko adimen artifizialak baino emozio handiagoz irakurtzen duten hizlarien ahotan aditu ere.

EITB Podkast atarian adin guztietarako istorioak entzungai daude, baina ni helduentzako eskaintzan zentratuko naiz, oso aukera bikaina iruditzen baitzait eguzkipean irakurri ezin diren liburuak entzuteko. Aukeratutako azkenak Jon Arretxek idatzitako eleberrian oinarrituriko Touré sagako hiru kontakizun (19 Kamara, 612 €uro eta HutsarenItzalak), Iñaki Beraetxeren ahotsean. Lehenago, Eider Rodriguezen sei ipuinek osatu zuten Bihotz handiegia saioaren beste hainbeste atal, Arantxa Irastorzak irakurrita. Nahiago bada, Uxue Alberdik berak azaldutako Jenisjoplin ere aukera bikaina izan daiteke. Oso ondo ekoitziak, primerako aukera da horietako edozein.

Horiei inolako balioa kendu gabe, nik ezinbestekotzat jotzen dudan entzuketa gomendatu nahi dut uda honetarako, edo, besterik gabe, edonoiz-edonon-edonork aditzeko (edo irakurtzeko): Amets Arzallusen Miñan audio liburua, Susa argitaletxeko webgunean topatu ahal dena. Ibrahima Balderen migrazio-ibilbidea azaltzen du. Anaia txikiaren bila Libiara abiatu zen, Gineako Konakrytik, eta Irungo harrera-sarearen bidez ezagutu zuen euskal bertsolari eta idazlea. Arzallusek berak ahotsa eman dio kontakizunari. Europara heldu nahian milaka pertsonak –gazteak gehienak– jasaten duten indarkeria eta gainditu behar dituzten oztopoen inguruan hausnartu nahi bada, aukera dago ikasgelan lantzeko materiala jaisteko, baina hori beharrean, aprobetxatu ahal da edozein une horren inguruan solas egiteko, oporrak elkarrekin bizitzeko denbora ere baita.

Eta zutabe hau Italiara eta Bosniara eraman gaituen Mugak Zabalduz karabanaren bidean idazten ari naizenez, utzidazue tarte hau Harresiikusezina podcasta berriro gomendatzeko. Europan xenofobiaren mezuak hedatzen diren honetan merezi baitu berriz entzutea, eta ez legoke bat ere gaizki horren atal berriak eskaintzea…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.