Udazkenaren etorrerarekin batera, gorputza negurako prestatzeko beharra dugu. Hotzak eztarrian eragiten didanez, propoleoa eta limoia izaten ditut lagun, eta negura hurbiltzen naizen heinean, horiekin batera beste belar batzuk sartzen ditut nire goizeroko dietan; eztula edo febrikula dudanean, aldiz, belar dendara noa erremedio bila..., azken saiakera medikuarengana joan baino lehen. Daitort, bizpahiru belar baino ez ditut ezagutzen. Horregatik oso interesgarria iruditzen zait Argia-k estreinatu berri duen Menda bikoitza podcast-a.
Garbiñe Learrak Sendabelarrek dakitena edo Sendabelar baratzea liburuetatik salto egin du eta ahotsa jartzen dio bi astean behin, astelehenetan, eskaintzen digun saioari. Ez dago bakarrik, teknikan ez ezik, mikrofonoan ere Eneritz Arzalluzek eta Rö taldearen musikak laguntzen baitiote. Ordu erdiz, sendabelar baten inguruan bitxikeriak (lehenengo atalean, zergatik errosta alargunen belarra deitzen den) eta erabilerak azaltzen dizkigute. Horrez gain, ahal denean, gonbidatu bat ekartzeko asmoa dute, baita entzuleek proposatuko gaiak tratatzeko ere.
Osasuna, elikagaiak eta belarrak ohiko gaia dira irrati magazinetako atal berezi gisa, eta horien audioak aurki ditzakegu Interneten egindako miaketa azkar batean. Nabarmendu nahi ditut hilean behin Tolosaldeko Atarian Ainitze Salak eskainitako Sendabelarrak atala, baita Segura Irratian aditu horrek duen tarte berezia ere. Gorputza zaintzen duten belarrei buruz ez ezik, baratzeak eta naturak ematen dizkiguten beste hainbat ondareren inguruan hitz egiten du, eta horiekin loturiko aholku eta gogoetak eskaintzen ditu Fraisoro Eskolatik.
Nire ustez, ez da kasualitatea aipaturiko saioetako adituak emakumeak izatea, historian zehar sendabelarren jakintza eta Akademiatik kanpoko medizina emakumeen eskuetan egon baita (duela ehun urte emakumeok debekatuta genuen Medikuntza fakultateetan ikastea). Horregatik, bigarren mailakotzat harturiko jakituria zen, baita legez kanpokoa ere (sorginek egiten zuten, eta horregatik erailtzen zituzten urrutiegi ez dauden garaietan). Egun, inork ez du zalantzarik naturak eskaintzen digun altxor horri balioa emateko, eta udazkeneko egun epelak aprobetxatu ahal ditugu mendira atera eta ezagutzeko; behar duguna besterik ez, harrapakatu gabe, arren.
IRRATIA
Udagoienean zaindu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu