Ipar Euskal Herriak jasotzen duen migrazioa hizpide izan dute estreinakoz Pentsaketan (bideo) podcastean. Eta berriz ere konturatu naiz nolako irakurketa Hegoaldezentrista —EAEzentrista esatea, beharbada, zuzenagoa litzateke— egiten den askotan Bidasoko hego-ertzean kokatzen diren komunikabideetan. Saioa Euskal Irratiek sortu dute, Kanaldude telebistarekin batera, eta hilean behin gaurkotasuneko gai baten inguruan gogoeta lasaia eta sakona egitea dute helburu Jose Luis Aizpurua esatariak eta podcastaren gidariak, Pauline Guelle politologoak eta Txomin Poveda soziologoak.
Harritu nau gaiari heltzeko ikuspegiak. Ohituta nago migrazioa eta erdal kultura baten transmisioa lotzen dituzten hausnarketak entzuten hedabideetan, eta bi aditu hauek orain arte ezagutzen ez nuen errealitateari begiratzeko gako batzuk eman dizkidate: alde batetik, nola migrazioaz ari direnean kontuan hartzen duten ere jasotzen duten frantziar herritarren etorrera, eta, beste aldetik —ezagutzen ez nuen datua—, biztanleen erroldak egiteko orduan, ez direla datu etnikoak jasotzen, debekatuta baitago II. Munduko Gerraz geroztik. Beste aldetik, Euskal Herritik begiratu diote gaiari, kulturan, euskaran eta gizarte egituran (etxebizitzan edo nekazaritza eremuaren hiritartzearena, esaterako) izan ditzakeen eraginei aurre egiteko beharrak azpimarratuz. Eta hori guztia ikasteko aukera izan dut solasaldi lasai eta sakon batean, datua eta usteetan baino gehiago analisietan oinarrituriko solasaldi batean, parrilak betetzen dituzten ohiko tertuliakide orojakileek emandako iritzietatik urrun. Ikusi beharko da nola garatzen den hurrengo hilabeteetan...
Tonu arinagoz, heldu da Konteixu podcastaren bigarren denboraldia. Mikel, Goiatz eta Julene ––ikasturte honetan, Bartzelonatik—, kazetaritzako ikasleak bueltan dira irudi berrituarekin, eta gonbidatuak ekarriko dituztela iragarriz. Betiko giro eta hizkera freskoak dakartzate, eta aurreko denboraldian bezala, sare sozialetan presentzia handia izango dute.
Egun batzuk lehenago estreinatu zuen denboraldia Ez Gatoz Paristik podcastak. Honetan elkarrizketatu zituzten beharbada aurrekoen irakasleak (izan) diren Katixa Agirre, Libe Mimenza eta Josu Martinez ikertzaileak, hedabideek egiten duten euskal kulturaren transmisioari buruz hausnartu zutenak Klaudia Badiolarekin batera. Azaroan bagaude ere, euskal podcasten erakusleihoan badago zer aukeratu.