gorka julio

Txoriak kabian

2023ko abenduaren 2a
05:00
Entzun

Aurten ere badator Durangoko Azoka eta bertan kokatzen den Kabi@ topagune digitala. Erakusleiho bat baino gehiago, termometro, saretze ekintza, prospektiba tresna, eta, bereziki, topagunea da. Abenduaren 6an eta 7an piztuko da eta bertan gertatutakoak, ziurrenik, hurrengo urte osoa bustiko du.

Aurkezpenak izango dira atal garrantzitsuena, eta bertan gaurko eta biharko erronkak, euskarazko tresna ezberdinak, sormen lanak eta aurtengo gaia dirudien adimen artifiziala jorratuko dira.

Erronken atalean, Biziber egitasmoa, TikTok eta Euskararen gaiari helduko zaio. Noiz eta nola eman behar zaien nerabeei lehen mugikorra ere eztabaidatuko da. Teknologiaren inguruko eztabaida kritkoa pizteko erakusketa-aktibo batek ere teknologiarekiko dugun harremana aztertzen lagunduko digu.

Tresnen blokean, euskal komunitateak egindako lan bolondresari esker Paperjale.eus, euskal irakurleak eta liburu maitaleak batzeko helburu duen ekimena eta Liberaforms (Erabili.liberaforms.org/) pribatutasuna zaintzen duten galdetegiak egiteko tresna aurkeztuko dizkigute. Bestetik, Aloka ere aurkeztuko dute profesionalen artean, ikus-entzunezko materiala alokatzeko plataforma.

Sormenari lotuta, aldiz, Zure eskutik helduta, errealitate birtualerako sorturiko bideo musikala eta Orlegia irratia, fikzio espekulatiboaz gozatzeko aukera izango dugu bertan.

Adimen artifizialaren gaiak aurtengo Kabi@ zeharkatuko du eta horri lotuta hainbat ekimen dago. Horrek ekartzen dituen zortzi erronka digital eta adimen artifizialaren aplikazioa hezkuntzan eztabaidatzeko aukera izango dugu alde batetik. Bestetik, Adimen artifiziala auzitan ekimenaren (UEU-Tabakalera-Badalab) ideia deialdiaren irabazleen aurkezpenak izango dira. Azkenik, LUP, adimen artifiziala erabilita, modu autonomoan irakur dezakeen lehen lupa ere aurkeztuko digute.

Ostegunean aisiarako tartea izango da; Game Erauntsia eta Rolariak Euskaraz elkarteek, bakarrik edo lagunekin, jolasteaz gozatzeko tartea irekiko dute. Game Erauntsia elkartea euskal bideojokozaleen komunitatea da eta Rolariak Euskaraz, aldiz, rola jolasten duena.

Urrun daude ohiko enpresak Kabi@-tik Beharbada, beren azoka propioa behar dute, baina onar dezagun, gaur egun, arlo publiko eta komunitarioko eragileak dira euskal komunitateari indarra ematen diotenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.