Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Txirigotak

2024ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Euskal podcastferan ia denetarik topatzen dugu, baita Cadizko inauteriei buruzko saioa ere. Horretaz ari baita Eneko Oroz (Ekintaekin) Mahatserriko Kopla Zaharrak izeneko podcastean. Urrian sortu zuen eta dagoeneko hamaika atal argitaratu ditu. Berak aitortuta, asmo handirik gabe hasi zen euskaldunoi euskal begiradatik karnabalak helarazten. Ez zuen argi nora eramango zuen, ezta astero egin ahalko zuen ere, eta zalantzak zituen ea berea euskarazko podcasta zen ala ez, abestiak, nola ez, gaztelaniaz baitira, eta erreferentzia kulturalak urrun geratzen baitzaizkigu; geografikoki, behintzat. Izan ere, hitzak entzunda ez zaizkigu hain arrotz egiten eta uste baino gehiago partekatzen dute Cadizko La Viña eta Bilboko Mahatsherri lotzen dituzten koplek, bakoitzak bere adiera propioaz.

Euskaldunok ohitu gara gure errealitatea erdaratik entzuten; beraz, eskertzekoa da egin duen hautua, euskaraz azaldu ezin den gairik ez dagoela frogatuz. Eta bai, nire ustez euskal podcastgintzan kokaturiko saioa da berea, edo, musika ingelesez jarrita, dudatan izango litzateke? Ziur aski, ez. Nire ustez, irratsaio baten hizkuntza nagusi edo komunikazio-hizkuntza gisa euskara hautatzeak laguntzen du, besteak beste, eleaniztuna den —eta horrela jasotzen dugun— errealitate batera hurbiltzera, eta ez du gure hizkuntza menpeko egoeran jartzen. Ederra litzateke Babel Dorrean bakoitzak berean egin —wolofera, tagalo, amazig edo guaraniz esaterako— eta elkarri ulertzea... Agian Adimen Artifizialak hori ahalbidetuko du hain urruti ez dagoen etorkizun batean. Zein hizkuntzatan hitz egingo lukete orduan gaztelania inposatzeko elkarren arteko ulermena aitzakia jartzen duten horiek?

Saioa egilearen nahi edo behar batetik abiatzen da, eta oso pertsonala da, esaterako ekarritako gaiak (Palestina, bizipoza, hizkuntza herrien nortasuna, memoria historikoa, besteak beste) edo atalak ixten dituzten pasodobleak aukeratzeko orduan: Casapuerta txirigotak Palestinako genozidioaz egindakoa edota Hermanos Stramboliniren El señor intelectual, kasurako. Independente izaera horrek arrisku bat badu, amaraunean ikusezina izatea, publikoarengana ez iristea, Eneko Orozek bere blogean argitaraturiko gogoetan agerian uzten duen bezala. Eta beharbada horregatik, dei egiten du sare sozialetan iruzkinak helarazteko. Nire partez, izan daitezen igandero idazten ditudan lerro hauek horientzako erakusleiho bat, aukera zabala baitugu euskaldunok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.